10:10

Mundua

Olinpiar Jokoak

Kaosa Frantziako abiadura handiko trenen sarean 'eraso masibo' batengatik, Joko Olinpikoen hasieraren atarian

Agentziak | EITB Media

"Abiadura handiko sarea etetera bideratutako eraso masibo honen ostean, zenbait tren desbideratu eta gelditu behar izan dira", esan du Frantziako Trenen Sozietate Nazionalak. 250.000 bat bidaiariri eragin die erasoak gaur, eta 800.000 ingururi eragingo die datozen egunotan.

0:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Frantziako Trenen Sozietate Nazionalak (SNCF) salatu du "eraso masiboa" jasan duela abiadura handiko trenen sarean, eta, ondorioz, Parisko lau lineetako hirutan zerbitzua eten dute, Olinpiar Jokoen inaugurazioaren atarian. 

Gaur 250.000 bat bidaiariri eragin die erasoak, baina datozen egunotan 800.000 ingururi eragingo die, lehen kalkuluen arabera.

"Abiadura handiko sarea etetera bideratutako eraso masibo honen ostean, zenbait tren desbideratu eta gelditu behar izan dira", esan du enpresak X sare sozialean zabaldutako mezu batean. Gainera, bidaiak atzeratu ahal izanez gero, geltokietara ez joateko eskatu die bidaiariei. 

Hala, zehaztu duenez, sareak "hainbat ekintza gaizto" jasan ditu, eta hiru lineatan izan du eragina. Gainera, "suteak ere piztu dira nahita, instalazioei kalte egiteko".

Konpainiaren arabera, laugarren lineak ez du etenik izan zerbitzuan, horren aurkako erasoa "geldirarazi" baitute. "Gure taldeak bertaratu dira, diagnosia egin eta konponketak abiarazteko", erantsi dute.

Halere, Atlantikoko, Iparreko eta Ekialdeko lineetako zirkulazioan "kalte handiak" izan direla onartu dute. "Tren batzuek buelta eman dute, eta beste askoren joan-etorriak bertan behera geratu dira", esan dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena