08:35

Mundua

AEB-Israel

Harrisek babesa helarazi dio Netanyahuri, eta su-etena eskatu dio Gazako sufrimenduarekin bukatzeko

Agentziak | EITB Media

AEBko presidenteordea Israelgo lehen ministroarekin bildu da, hura Joe Bidenekin egon ostean. Harrisek esan du ezin dela onartu "hildako haurren irudiak" egotea. "Gerra hau amaitzeko ordua da", gaineratu du.

0:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kamala Harris AEBko presidenteordea Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu da. Israelgo Estatuarekin duen "konpromiso hautsiezina" helarazi dio, eta, aldi berean, Gazako Zerrendan su-etena adosteko eskatu dio.

Harris ez zen Netanyahuk AEBko Kongresuan egin zuen gerraren aldeko hitzaldira joan, baina "bilera zintzoa eta konstruktiboa" izan du Israelgo lehen ministroarekin, AEBra egindako bisita ofizialean. "Esan diot beti ziurtatuko dudala Israelek bere burua defenda dezakeela, beti izan dut konpromiso hautsezina Israelgo Estatuarekin, haren segurtasunarekin eta Israelgo herriarekin. Askotan esan dut, baina merezi du errepikatzea. Israelek bere burua defendatzeko eskubidea du, eta hori nola egiten duen garrantzitsua da", azpimarratu du.

Presidenteordeak Zerrendan gatibu dauden AEBko herritarrak gogoratu ditu, eta Hamas "erregimen basatia" dela eta urriaren 7an "sexu-indarkeria ekintza izugarriak" egin zituela esan du.

Netanyahuri babesa adierazi ostean, Harrisek azaldu du Israelgo agintariari "kezka sakona" helarazi diola "Gazako giza sufrimenduaren tamainagatik", "zibil errugabe gehiegi" hil baitira.

Presidenteordearen hitzetan, Zerrendako egoera "katastrofikoa" da, eta ezin da onartu "hildako haurren irudiak" eta "etsita ihes egiten ari den jendearen irudiak" sortzen jarraitzea. Hori dela eta, Hamasekin su-eten akordioa egiteko eskatu dio Netanyahuri, bahituak askatu eta laguntza humanitarioa emate aldera.

"Akordioaren lehen faseak erabateko su-etena ekarriko luke, Israelgo Armada Gazako biztanle-guneetatik erretiratzea barne. Bigarren fasean, Israelgo Armada erabat erretiratuko litzateke Gazatik, eta horrek liskarren amaiera iraunkorra ekarriko luke. Gerra hau amaitzeko ordua da", gaineratu du.

Harrisekin bildu aurretik, Netanyahu Joe Biden presidentearekin egon da Etxe Zurian, eta bi buruzagiak Hamasek bahituta dituen bahituen senideekin elkartu dira gero.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena