21:04

Mundua

Washingtonen, bisitan

Netanyahu: "AEBk eta Israelek batuta egon behar dute zibilizazioa suntsitu nahi dutenak garaitzeko"

Agentziak | EITB Media

AEBko Kongresuko bi ganberek Israelgo lehen ministroa gonbidatu dute, eta haren hitzaldiaren kontrako dozenaka ordezkarik boikota egin diote. Gainera, Kamala Harris ez da bertan izan, eta parlamentari batzuek Gazan su-etena eskatzen zuten kamisetekin joatea erabaki dute.

0:36
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gaur AEBk eta Israelek "batuta" egon behar dutela aldarrikatu du, "zibilizazioa suntsitu" nahi dutenei irabazteko.

"Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek elkarrekin egon behar dute; izan ere, elkarrekin gaudenean, guk irabazten dugu eta haiek galtzen dute", adierazi du txalo artean.

AEBko Kongresuko bi ganberek gonbidatu dute Netanyahu, eta bere hitzaldiaren aurka dauden dozenaka ordezkarik boikota egin diote. Hitzaldian adierazi duenez, Ekialde Erdiko gatazka "ez da zibilizazioen arteko talka, zibilizazioaren eta ankerkeriaren artekoa baizik".

Gainera, Israelgo lehen ministroaren hitzaldiak ez du Kamala Harris AEBetako presidenteordearen presentziarik izan. Harris ganberako buru izan ohi da atzerriko agintarien bisitak hartzerakoan. Netanyahuk txalo zaparradak jaso ditu, baina parlamentari batzuek Gazan su-etena eskatzen zuten kamisetekin joatea erabaki dute.

"Heriotza loriatzen dutenen eta bizitza santutzen dutenen arteko gerra bati aurre egin behar dio Israelek", azpimarratu du Israelgo agintariak, eta "lagunak, zerbait ziur dugu, irabazi egingo dugu", gaineratu du. Netanyahuk Hamas talde armatu palestinarraren aurkako borroka Ekialde Erdi osoko gatazka zabalago batean kokatu du.

Bestalde, Joe Biden presidentearen babesa eskertu du Netanyahuk, "sionista irlandar-estatubatuarra" delako. "Gure unerik txarrenean gurekin egoteko etorri zen Israelera", esan du Bidenen bidaiaren harira, Hamasek urriaren 7an egindako erasoaren ostean.

Jarraian, Netanyahuk esan du Biden "irlandar eta estatubatuar sionista harroa" dela, Israeli emandako babesari eta AEBko buruzagiaren Irlandako sustraiei erreferentzia eginez.

Bitartean, milaka manifestari bildu dira Kapitolioaren inguruan. "Lotsagarriak zarete" oihukatuz, manifestariek ganberako ordezkarien aurka egin dute; izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuko buruzagiek, Chuck Schumer senatari demokratak eta Mike Johnson Ordezkarien Ganberako buruak gonbidatu dute Netanyahu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena