Itxi

Mundua

Hitzaldia Euroganberan

Von der Leyenek Defentsa, Etxebizitza eta Mediterraneorako komisarioak agindu ditu, berriro hautatzen badute

Agentziak | EITB Media

Gainera, klima-egokitzapenerako egitasmo bat eta uraren erresilientziarako estrategia bat iragarri ditu bere bigarren agintaldiko lehen tasun bezala. Bestalde, Europako aireko ezkutu bat bultzatzeko asmoa azaldu du.

  • Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente bezala errepikatzeko hitzaldian. Argazkia: EFE

    Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente bezala errepikatzeko hitzaldian. Argazkia: EFE

Ursula von der Leyenek Europako Batzorde berriak Etxebizitza eta Mediterraneorako komisarioak izango dituela agindu du gaur Europako Parlamentuko osoko bilkuran, eurodiputatuek Europako Batzordeko buru izatea babesten badute, kanpainan iragarri zuen Defentsa kargu berriari gehituko zaizkio.

Zentzu horretan, Defentsa komisario bat izendatzeko asmoa duela baieztatu ostean, bere helburuen artean Europako aireko ezkutu bat bultzatzea izango dela ziurtatu du.

Etxebizitzari dagokionez, "Europak etxebizitzaren krisi bati aurre egin behar dio, adin guztietako pertsonei eta tamaina guztietako familiei eragiten diena; prezioak eta alokairuak izugarri igotzen ari dira, eta jendea etxe eskuragarriak aurkitzeko borrokan ari da. Horregatik, lehen aldiz, Etxebizitzako komisario bat izendatuko dut", adierazi du Alemaniako politikariak Euroganberan.

Bestalde, "Mediterraneoko eskualdeak gure arreta guztia erakarri beharko luke", ohartarazi du Von der Leyenek eurodiputatuen aurrean. Pertsona migratzaileen deportazioetan "ikuspegi komuna" bilatu behar dela azpimarratu du, "eraginkorragoak eta duinagoak" izateko, baina baita hirugarren herrialdeekin akordioak bultzatzeko ere.

Horregatik, bere programan Mediterraneorako komisario bat sortuko duela iragarri du, Kaja Kallas EBko Atzerri Politikako goi-ordezkariarekin elkarlanean.

Politika kontserbadorearen beste apustuetako bat, berriz aukeratua izanez gero, Europako mugazainen (Frontex) kopurua "hirukoiztea" izango da, krisi egoeretan martxan jartzeko prest dauden 30.000 agenterekin, "eraso hibridoei edo probokazioei" aurre egiteko.

Europarlamentariak Ursula von der Leyenen hitzaldia entzuten. Argazkia: EFE

Europarlamentariak Ursula von der Leyenen hitzaldia entzuten. Argazkia: EFE

Ezegonkortzeko saiakerak

"Estatu kide baten muga Europako muga bat dela gogorarazi behar dugu beti", azpimarratu du, "Errusiak Yemengo migratzaileak iparraldera erakartzeko eta Finlandiako mugaren aurka nahita botatzeko egiten dituen desegonkortze saiakeren aurrean" kontrola eta segurtasuna indartzeko beharra defendatu du politikari alemaniarrak.

Bestalde, klima-egokitzapenerako plan bat eta uraren erresilientziarako estrategia bat iragarri ditu bigarren agintaldirako lehentasun politikoen artean. Von der Leyenen arabera, "gure segurtasunerako arrisku handienetako bat klima-aldaketaren ondorioak dira: uholde, sute eta lehorteak".

Gainera, Alemaniako politikariak "indar demokratiko guztiekin" polarizazioaren eta Europako bizimodua "suntsitu" nahi duten estremismoen aurka borrokatuko duela agindu du. "Ez ditut ez muturrekoak ez demagogoak onartuko gure bizimodua suntsitu nahi dutenean", nabarmendu du.

Gazan "odol isuria" bukatzeko eskatu du, baina Israelen aurkako neurririk planteatu gabe

Von der Leyenek "Gazako odol isuria" amaitzeko eskatu du berriro, Gazako herritarrek eta gizateriak "ezin dutelako gehiago jasan". "Ume, emakume eta zibil askok bizia galdu dute Israelek Hamasen terroreari emandako erantzunaren ondorioz", azpimarratu du.

Ziurtatu duenez, "gazatarrek ezin dute gehiago jasan, eta gizateriak ezin du gehiago jasan"; hori dela eta, "berehalako su-eten iraunkorra" eskatu du, baita Hamasen esku jarraitzen duten bahituen askatzea ere.

Era berean, bi Estatuen konponbidea defendatu du "israeldarren eta palestinarren segurtasuna bermatzeko modurik onena" bezala, "Ekialde Hurbileko herritarrek bakea, segurtasuna eta oparotasuna merezi dituztelako". Hala ere, ez du, Errusiarekin egin bezala, Israel zigortzeko aukera mahai gainean jarri.

Azkenik, Viktor Orban Hungariako lehen ministroak Moskura egindako bidaia kritikatu du hautagaiak, nahiz eta Orbanek "bake misio" gisa defendatu. Von der Leyenenen hitzetan, "inork ez du ukrainarrek baino gehiago bakea nahi".