Mundua
Europar Batasuna
Agentziak | EITB Media
Europako Alderdi Popularreko politikari maltarra 2027ko urtarrilera arte izendatu dute. Metsolak 562 eurodiputaturen babesa lortu du. Hautagai alternatiboak, Irene Montero Espainiako Berdintasun ministro ohi eta Podemoseko eurodiputatuak 61 babes jaso ditu.
Roberta Metsola, Europako Parlamentuko presidente izendatu ostean. Argazkia: EFE
Ekainaren 9ko hauteskundeen ondotik, gaur ekin diote Estrasburgon Europako Parlamentuan X. legealdia.
Roberta Metsola maltarra, Europako Alderdi Popularreko politikaria, Europako Parlamentuko presidente izendatu dute, 2027ko urtarrilera arte.
Metsolak 562 eurodiputaturen babesa lortu du. Hautagai alternatiboak, Irene Montero Espainiako Berdintasun ministro ohi eta Podemoseko eurodiputatuak 61 babes jaso ditu.
Honenbestez, Euroganberaren % 90,1ek eman dio babesa Metsolari, erakundearen historian presidente izateko hautagai bati eskaini dioten zabalena, Parlamentuko jakitera eman dutenez.
Esteban Gonzalez Pons (PP) eta Javi Lopez (PSOE) aukeratu dituzte Europako Parlamentuko 14 presidenteordeetako bi izateko, 478 eta 367 eurodiputaturen babesarekin, hurrenez hurren. Zortzigarren legealdia amaitu zenetik (2019an amaitu zen), lehen aldia izango da Espainiak Europako Parlamentuko Mahaian ordezkariak dituela. Besteak beste, Sabine Verheyen, Ewa Kopacz, Katarina Barley, Pina Picierno, Victor Negrescu, Martin Hojsik, Christel Schaldemose, Sophie Wilmes eta Nicolae Stefanuta ere aukeratu dituzte presidenteorde.
Batasunaren ideia defendatu du Metsolak bere hautagaitza defendatzeko hitzaldian. Esan duenez, Europako herritarrek Parlamentu "indartsua" behar dute, eta "pertsonak batzeko lan nekaezina" egingo duela hitzeman du.
"Parlamentu indartsua behar du honek, Europar Batasun indartsu batean. Hori diote tratatuek, eta hori da jendeak behar duena. Ezin diogu gure europarlamentari izaerari muzin egin", adierazi du.
Horren hitzetan, "Ukrainak behar duen defendatzaile sutsua eta Ekialde Hurbilean ahoz gora hitz egingo duena" izan behar du Europako Parlamentuak.
Von der Leyen, gehiengo ahul baten menpe
Parlamentuko Mahaiko kideez gain, Europako Batzordearen buruzagia ere aukeratu beharko dute eurodiputatuek ostegunean. Ursula Von der Leyen berriro aurkeztu da kargurako, 2019an eskuratu zuen babesa errepikatu nahian (Alderdi Popularraren, sozialisten eta liberalen botoei esker hautatu zuten).
Hiru familia politiko handi horiek 401 eserleku dituzte (720 dira hemizikloan, guztira). 2024ko Parlamentua aurrekoa baino zatituago dago, eta kide gutxiago ditu —Erresuma Batua EBtik atera zenetik, 27 gutxiago—. Gauzak horrela, 361 aldeko boto behar ditu hautagai kontserbadoreak aukeratua izateko.
Berez, bere taldearen, Europako Alderdi Popularraren (188 eserleku), babesa baino ez du ziurtatuta. Sozialdemokraten eta liberalen botoa baldintzatuta dago: batetik, euren lehentasunak errespetatzea eskatu diote trukean, eta bestetik, eskuin muturraren babesa ez jasotzea.
Ultraeskuinak 187 eserleku ditu, eta hiru taldetan banatua dago: Kontserbadoreak eta Erreformistak (78 ordezkari, Meloniren alderdiarenak) Europaren aldeko Patriotak (84 eserleku, Viktor Orbanek gidatuta, Vox, Marine Le Penen Bilgune Nazionala eta Matteo Salviniren alderdia barne daudela) eta Nazio Subiranoen Europa (25 aulki, Alemaniarentzako Alternatibak sortua).
Berdeek iragarri dutenez, "modu eraikitzailean lan egiteko prest" daude, betiere eskuin muturra baztertuta. Ezkerrak, azkenik, argi utzi du ez duela Von der Leyenen hautagaitza babestuko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa