19:19

Mundua

Goi bilera

Ukrainak dio NATOk "benetako aurrerapausoa" eman duela bera kide egiteko bidean

Agentziak | EITB Media

Etorkizunean integratzeko eta "Errusiaren inbasioari aurre egiten" laguntzeko konpromisoa hartu du Aliantzak Washington egindako goi-bileraren adierazpenean. Errusiak ze neurri hartu aztertuko duela dio. Txina ere haserre dago, "EBrekin dituen harremanak zapuzten" ari direlako.

  • Ukrainako delegazioak Etxe Zuria bisitatu zuen NATOko goi-bileraren egunetan. Argazkia: EFE.

    Ukrainako delegazioak Etxe Zuria bisitatu zuen NATOko goi-bileraren egunetan. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ukrainako presidentearen bulegoko burua, Andri Yermak, oso pozik agertu da NATOko kideek Washingtonen egin duten goi-bileran adostutako adierazpenarekin.

AEBetako hirian bertan egindako bileretako baten ondoren, Yermakek esan du "dokumentuaren hizkuntza oso sendoa" dela eta "Aliantzak benetako aurrerapausoa eman" duela. Bere ustez, NATOren hurrengo erabakia Ukrainari kide bihurtzeko gonbita egitea izango da.

NATOko 32 kideek Washingtoneko adierazpen bateratuan iragarri dutenez, "Ukrainaren etorkizuna NATOn dago", eta "horretarako baldintzak betetzen dituenean, bat egiteko gonbidapena luzatuko" diote. Era berean, konpromisoa hartu dute, 2025ean, gutxienez, 40.000 milioi euro bideratzeko laguntza militarrean, "errusiarren inbasioari aurre egin ahal izateko". Horrez gainera, defentsa-ekoizpen industrialean laguntzea agindu dute, industria berritzailea, lehiakorra eta iraunkorra sustatuz.

Halaber, egun hauetan zehar, AEBetako irismen luzeko misilak Alemanian hedatzea erabaki da.

Errusiak uste du hori guztia "oso mehatxu larria dela segurtasun nazionalarentzat". Dmitri Peskov Presidentetzako bozeramaileak ohartarazi duenez, NATO geldiarazteko neurri "pisutsuak, koordinatuak eta eraginkorrak" hartzea aztertuko dute.

Goi-bilera honetako adierazpenak Txinari ere egin dio erreferentzia; Errusiaren "gerra ekonomian" duen "erantzukizuna" aipatzen du. Horrez gainera, Jens Stoltenberg idazkari nagusiaren hitzetan, Txinak Errusia hornitzen du, "arma sistemak sortzeko behar dituen tresnak, ekipamendua, teknologia, mikroprozesadoreak eta mikroelektronika" emanez. Horrek Txinaren "interesei eta ospeari kalte" egingo diela.

Asiako erraldoiak erantzun du NATOk "informazio faltsua zabaltzen" jarraitzen duela, "Txinaren eta Europar Batasunaren arteko harremanak eta lankidetza ahultzeko" helburuarekin. Lin Jian Atzerri Ministerioko bozeramaileak ziurtatu duenez, Aliantza "Gerra Hotzaren garaiko erlikia bat da", "konfrontazioa bilatzen du eta ez bakeari eutsi".

Aliantzari eskatu dio Txinaren "barne arazoetan esku hartzeari, bere irudia difamatzeari eta Txinaren eta EBren arteko harremanetan esku hartzeari" utzi diezaiola.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena