Mundua
Gerra Ukrainan
EITB MEDIA
Ukrainako presidenteak adierazi duenez, hainbat eraikin kaltetu dira, besteak beste, haurrentzako ospitale bat. "Hondakinen azpian jendea dago" eta "ez dakigu zenbat zauritu eta hil diren", esan du. NBEk eta EUk erasoak gaitzetsi dituzte.
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak salatu duenez, Errusiak eraso "masiboak" egin ditu astelehen honetan Ukrainako hainbat hiritan. Momentuz, 36 hildako zenbatu dituzte. Zaurituak, berriz, 100 baino gehiago dira, tartean, Kieveko haur-ospitale batean zeuden zenbait adin txikiko.
"Errusiako terroristek eraso masiboa egin diote berriro Ukrainari", esan du Ukrainako presidenteak Telegram bidez, eta azaldu du astelehen honetan 40 misil baino gehiago jaurtiki dituztela Ukrainiako txoko ezberdinetara.
Erasorik larrienak Kieven izan dira, 21 pertsona hil eta 65 baino gehiago zauritu baitira. Krivói Rog hirian, Zelenskiren jaioterrian, 11 hildako eta 50 zauritu baieztatu dituzte.
Pokrovsk hirian, Donetsk probintzian, hiru dira hildakoak, Vadim Filashkin gobernadoreak adierazi duenez, eta Dnipron, berriz, hildako bat eta sei zauritu baieztatu dituzte.
Zelenskik adierazi duenez, etxebizitza eraikinak, azpiegiturak eta haurrentzako ospitale bat kaltetu dituzte bonbardaketok, Kieven dagoen Ojmatdit Ospitalea, hain zuzen ere, Ukrainako osasun etxerik "garrantzitsuenetako bat". "Hondakinen azpian jendea dago" eta "ez dakigu zenbat zauritu eta hildako daude", esan du.
Hala, "bazkideei" esan die elkarrekin borrokatu behar dutela hileketa guzti horien aurka, eta gaineratu du Errusiak "erabateko erantzunkizuna" duela hilketa guzti horien gainean. "Oso garrantzitsua da mundua ez isiltzea eta denek ikustea Errusiak zer egiten duen", adierazi du.
Erreakzioak
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseilua asteartean bilduko da eraso hauei buruz hitz egiteko.
Erakundeko idazkari orokor Antonio Guterresek erasoak gaitzetsi ditu. Erakundeko lankideak hondakinak garbitzen eta azpian harrapatuta dagoen jendearen bilaketan laguntzen ari direla jakinarazi du.
Denise Brown NBEren Ukrainarako koordinatzaile humanitarioaren esanetan, "onartezina da haurrak hiltzea eta zauritzea. Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren arabera, ospitaleek babes berezia dute". Halaber, gatazkaren esparruan "zibilak babestu" behar direla errepikatu du.
Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak ere gaitzetsi egin ditu azken erasoak, Errusiak "zibil ukrainarrak gupidarik gabe erasotzen" jarraitzen duela esanez. Borrellek azpimarratu duenez, garrantzitsua da Ukrainak aireko defentsa indartzeko laguntza jasotzea. Horrez gainera, "Errusiak egindako gerra krimenen erantzule guztiak Justiziaren aurrera" eramango dituztela esan du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa