11:19

Mundua

Profila

Keir Starmer, 14 urteren laboristak boterera eraman dituen abokatua

Agentziak | EITB Media

2019ko hauteskundeetan porrota izan ondoren, Jeremy Corbyn ordezkatu zuen Alderdi Laboristaren buruzagitzan. Aurrekoak ez bezala, alderdia eskuinerago eraman du.

  • Keir Starmer

    Keir Starmer. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Keir Starmer abokatuak Alderdi Laborista Erresuma Batuko gobernura eramatea lortu du, 14 urtez Alderdi Kontserbadoreak agindu ondoren.

Horren lorpenek baino gehiago, kontserbadoreen akatsek eta eskandaluek ahalbidetu dute zikloaren aldaketa Erresuma Batuan; Boris Johnsonek pandemia garaian egindako festek, Liz Trussen zerga neurriek eta Rishi Sunaken Ruandako deportazio planak, besteak beste. Egoera horren aurrean, Starmerren hanka-sartze batek soilik eragotzi zezakeen bera lehen ministro izatea. Ez da horrelakorik gertatu, ordea.

Starmerren ideologiaren zutabe nagusiak hauek dira: diziplina fiskala, zorroztasuna kontuetan, promesa egingarriak eta seriotasuna kudeaketan.

1962an jaio zen, Surreyn, Londres hegoaldean, tradizioz burgesa eta kontserbadorea izan zen eremu batean, eta beti lekuz kanpo sentitu omen zen bertan, bere biografiaren arabera.

Keir Starmerren aitak, ezkerreko ideologia zuen artisauak, berebiziko garrantzia izan du haren bizitzan. Lanetik kanpo aitak ama zena zaintzen igarotzen zuen denbora gehien, gaixotasun arraro bat baitzuen.

Unibertsitate ikasketak Leedseko Unibertsitatean egin zituen lehenik, eta Oxforden gero.

2008an, Fiskaltzaren buru izatera iritsi zen, abokatu gisa giza eskubideen alorrean fama eta izen ona lortu ondoren. 2015ean, Ministerio Publikoa utzi zuen politikara jauzi egin eta hauteskundeetan laboristen hautagai gisa aurkezteko.

Jeremy Corbyn laboristen buru zenaren arreta bereganatu zuen, eta Corbynek bere taldean sartu zuen, Immigrazioko bozeramaile gisa lehenik, eta brexitaren bozeramaile gisa gero.

2019ko hauteskundeetan porrota izan ondoren, Corbyn ordezkatu zuen Alderdi Laboristaren buruzagitzan. Aurrekoak ez bezala, alderdia eskuinerago eraman du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena