10:42

Mundua

Erresuma Batuko hauteskundeak

Laboristek garaipen zabala erdietsi dute bozetan, kontserbadoreen porrota berretsita

Agentziak | EITB Media

Keir Starmer lehen ministro hautatua pozarren azaldu da gehiengo osoa lortuta (412 eserleku), 14 urteren ostean. Rishi Sunakek bere gain hartu du boto-emaileek emandako kolpea. Eskoziako Alderdi Nazionalistak, bere aldetik, deskalabrua izan du, 38 ordezkaritik 9ra jaitsi baita.

0:43
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

"Lortu dugu! Aldaketa orain hasten da", esan du eztitan Keir Starmer Alderdi Laboristako buruzagi eta lehen ministro hautatuak. Laboristek gehiengo osoa lortu dute Erresuma Batuko hauteskundeetan (412 eserleku, 2019an baino 211 gehiago). Hala iragartzen zuten inkesta guztiek, eta hala izan da azkenean. 14 urte geroago, ezkerreko alderdia Downing Streetara itzuliko da. Alderdi Kontserbadoreak kolpe latza jaso du, eta 121 ordezkari eskuratu ditu, 250 galduta. Rishi Sunakek aitortu duenez, "asko dago ikasteko eta hausnartzeko; gogor lan egin duten hautagai kontserbadore askok euren lekua galdu dute. Nire gain hartzen dut porrota". 

Hirugarren postuan geratu dira gaueko beste irabazleak, liberal-demokratak, 71 eserlekurekin, duela bost baino 63 gehiago. 

Ifrentzuan, Eskoziako Alderdi Nazionalistak (SNP) jasandako deskalabrua: 9 ordezkari baino ez ditu eskuratu, 2019ko bozetan baino 38 gutxiago. Alde txikira, Sinn Fein, duela bost urteko emaitza bera erdietsita (7 diputatu). DUPeko unionistek 5 aulki izango dituzte Komunen Ganberan, orain arte baino hiru gutxiago. Hori horrela, Ipar Irlandako ezkerreko alderdia da lehen indarra eremu horretan, lehen aldiz. 

Toryen boto galeraren erantzuleetako bat Nigel Faragek gidatzen duen Reform UK ultraeskuineko alderdia izan da. Komunen Ganberan lau leku izango ditu, berea barne (zazpi aldiz saiatu da, alferrik). Launa eserlekurekin geratu dira Berdeak —gazteen botoari esker— eta Galesko independentistak (Plaid Cymru), azken horiek inoizko emaitza onenak lortuta, bi ordezkari irabazi baitituzte. 

Komunen Ganberak, horrenbestez, ezkerrera egin du, eta, gainera, inoiz baino emakume gehiago izango ditu ordezkari (242). 

Agian zure interesekoa da: Felipe Etxebarriaren analisia

Starmer: "Politika zerbitzu publikoaren mesedetara egon behar da berriro"

Emaitzak kaleratu berritan, irribarretsu agertu da jarraitzaileen aurrera Keir Starmer laborista. Hari egokitu zitzaion alderdia berriro "jostea" Jeremy Corbynek 2019an porrota jasan ostean. "Orain hasten da aldaketa", esan du kanpainako leloari aipamena eginda.  

Agian zure interesekoa da: Nor da Keir Starmer?

Horren esanetan, "politika zerbitzu publikoaren mesedetara egon behar da berriro, eta guztion ongizaterako balio duela erakutsi. Aurrena herrialdea, eta gero alderdia". Iragarri duenez, Erresuma Batuko "pertsona bakoitzarentzat" gobernatuko du. 

 

Zortzi ministro toryk eta Lizz Truss lehen ministro izandakoak eserlekua galdu dute

Kontserbadoreen porrotaren ondorioz, Sunaken hainbat ministrok eta Lizz Truss lehen ministro britainiarra izandakoak ordezkaritza galdu dute. Defentsa, Justizia, Energia, Hezkuntza, Kultura, Gales eta Garraio ministroak dira, zehazki, Komunen Ganberatik kanpo geratu direnak. Parlamentuan kontserbadoreen buruzagia zenak ere, Penny Mordauntek, hautagai laboristaren kontra galdu du bere barrutian, Ipar Portsmouthen.

Sunaken ordezkoa izateko faborito zen Mordaunt. Nabarmendu duenez, "demokraziak ez du inoiz kale egiten". 

Rishi Sunakek eta Jeremy Hunt Ekonomia ministroak bakarrik eutsi diote euren eserlekuari. 

Zartakoaren aurrean, Robert Buckland diputatu kontserbadorea (honek ere ez du lortu ordezkaritzarik) oso kritiko azaldu da alderdiarekin: "Adierazpen subertsiboak egin dituzte, eta ekintza leloak". Suella Braverman Barne ministro izandakoak ere estu hartu du Sunak, eta jendeari entzun ez izana leporatu dio.  

Ziklo aldaketa, 14 urteren ostean

"Alderdi Laboristak irabazi ditu hauteskundeak, eta Keir Starmerri deitu diot garaipenagatik zorionak emateko", adierazi du goizaldean Rishi Sunakek, lehen emaitza ofizialak zabaldu ostean. Sunaken arabera, "gaur, botereak eskuz aldatuko du modu baketsu eta ordenatuan, hori da bi alderdion borondatea. Egonkortasuna emango dio herrialdeari eta horren etorkizunari". 

Ondoren, eguerdian Downing Streeten egindako agerraldian, agur esan, barkamena eskatu eta Alderdi Kontserbadorearen buruzagitza utziko duela iragarri du. 

Charles III.aren "baimena" jasota, Starmer Erresuma Batuko lehen ministro izendatu dute. Downing Streeteko 10.ean ostatu hartuta, nazioari zuzendutako hitzaldia eman du buruzagi laboristak, eta, ondoren, bere ministroak izendatzea espero da. 

Komunen Ganbera berria asteartean osatuko dute, presidentea aukeratuta. Uztailaren 17an, erregeak bilkuren sasoiari ekingo dio hitzaldia emanez.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena