10:13

Mundua

frantziako hauteskundeak

Le Penen ultraeskuinak lehen aldiz irabazi ditu hauteskundeak Frantzian, botoen % 33,15 lortuta

EITB MEDIA

Astelehen honetan argitaratutako datu ofizialen arabera, eskuin muturreko alderdiak botoen % 33,15 lortu ditu hauteskundeen lehen itzulian. Bigarren sailkatu da ezkerreko alderdien koalizioa (% 27,99), eta hirugarren Macronen bueltako aliantza (% 20,7). Parte hartzea handiagoa izan da, % 67,5ekoa.

0:49
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

RN Batasun Nazionala nagusitu da Frantziako Asanblearako hauteskundeen lehen itzulian, botoen % 33,15 lortuta. Bigarren sailkatu da NFP Fronte Popular Berria ezkerreko alderdien aliantza (% 28) izan da, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aldekoen Ensemble koalizioa izan da hirugarren (% 20,7), hauteskunde hauetako galtzaile nagusia. Hortaz, Jordan Bardella RNko hautagaia lehen ministro izateko aukera zabalik dago, uztailaren 7ko bigarren itzulian gehiengo osoa lortzen badu.

Parte hartzea % 67,5ekoa izan da, Asanblearako hauteskunde batzuen lehen itzuliko handiena, 1997az geroztik. Ia 20 puntu igoko da, hortaz, 2022ko bozetako datuekin alderatuta. Orduan % 47koa izan zen.

Gehiengo absolutuaren aukera

Jordan Bardella buru duen Le Penen alderdiak lortutako emaitzak ez dira, baina, nahikoa gobernatzeko, eta urrun daude Bardellari bakarrik nazioaren presidente izatea ahalbidetuko liokeen 289 diputatuetatik. Frantziako hauteskunde-sistemak ezartzen du diputatu bat aukeratzen dela, bozkatuena, 577 barrutietako bakoitzean.

Barne Ministerioak argitaratutako emaitzen arabera, RN Batasun Nazionala % 33 lortu ditu, 230 eta 280 eserleku artean. Fronte Popular Berriak, % 28ko babesarekin, 180 eta 200 diputatu artean izango lituzke. Macronen alderdiak, berriz, 60 eta 90 artean lortuko lituzke, botoen % 20ri esker. Eskuin tradizionalak, Errepublikanoek (LR) eta beste taldeek (% 6,6) 30 eta 50 eserleku artean lortuko lituzkete.

Testuinguru horretan alderdi nagusiek maniobra-tartea dute oraindik. Hala, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "kontzentrazio demokratiko handi" baterako deia egin du, bigarren itzulian eskuin muturreko Bilgune Nazionalaren (RN) garaipena eragozteko.

Macronen ustez, gainera, parte-hartze altuak "agerian uzten du bozketak gure herrikide guztientzat duen garrantzia eta egoera politikoa argitzeko nahia. Demokraziak horretara behartzen gaitu", azpimarratu du.

Jean-Luc Mélenchon Frantzia Intsumisoko (LFI) buruzagiak, berriz, esan du Fronte Popular Berriaren (NFP) ezkerreko batasuna dela ultraeskuinaren alternatiba bakarra, baina, aldi berean, hauteskunde legegileen bigarren itzulian, uztailaren 7an, hirugarren postuan geratu diren lekuetan, hautagaitzak erretiratuko dituztela iragarri du.

Bien bitartean, Marine Le Penek bere alderdiak jasotako botoak eskertu ditu eta bigarren itzulian gehiengo osoa lortzeko deia egin du. "Gehiengo osoa behar dugu", nabarmendu du. "Bardellaren gehiengo absolutu batek — zehaztu du Le Pen-ek — batasuna eta konkordia nazionala berrezartzea" ekarriko du.

Azpimarratu duenez, "frantziar bakar batek ere ez du eskubiderik galduko". "Alderantziz, eskubideak bermatuta egongo dira eta, egoerak ahalbidetzen duenean, berriak sortuko dira", agindu du.

Ipar Euskal Herrian ezkerrak irabazi du

Fronte Popularra, ezkerreko koalizio berria, izan da lehen indarra Ipar Euskal Herrian, hauteskundeen lehen itzulian. Are gehiago, hiru hiriburuetan ere gailendu da, Baionan C. Capdevielle (PS-FHB) 8.942 boz eskuratuz; Donibane Garazin, Iñaki Echaniz (PS-FHB) 340 botorekin eta Maulen, Echanizek berak 762 boz bildu ditu.

Ezkerreko koalizioak 55.206 boto eskuratu ditu Ipar Euskal Herrian. RN ultraeskuineko alderdia bigarren sailkatu da, 44.214 boz lortuta, ondoren ENSk 38.479 boto bereganatu ditu, LRk 18.534, EAJk 6.059 eta Eutsik 4.993.

Protestak, eskuin muturraren garaipenaren aurka

Milaka lagun kalera atera da Frantzian eskuin muturraren garaipenaren aurkako manifestazioetan. Manifestariek, gazteak gehienak, eskuin muturraren aurkako mezuak oihukatu dituzte eta herrialdea haien eskuetan ez uzteko eskatu dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena