Itxi

Mundua

Europar Batasuna

Ukrainarekin eta Moldaviarekin bat egiteko negoziazioak abiatu ditu EBk, gerrak baldintzatuta

Agentziak | EITB Media

Von der Leyenek ohartarazi die Ukrainari eta Moldaviari "bide zaila" izango dela, baina "aukera izugarriak" eskaintzen dituela. Michelek esan du Europar Batasunarekin bat egiteko negoziazioak hastea "urrats estrategikoa" dela.

  • Bat egiteko negoziazioak Luxenburgon abiatu dituzte gaur. Argazkia: EFE

    Bat egiteko negoziazioak Luxenburgon abiatu dituzte gaur. Argazkia: EFE

Europar Batasunak gaur hasi ditu Ukrainarekin eta Moldaviarekin bat egiteko negoziazioak, bi herrialde horiek eskatu eta bi urtera, Ukrainako gerrak baldintzatutako testuinguru batean.

"Hau benetako une historikoa da nire herriarentzat", esan du Olga Stefanishina Ukrainako lehen ministrordeak, eta elkarrizketen hasierak ukrainarrei Errusiaren aurrean "eusten jarraitzeko morala" ematen diela gaineratu du. Stefanishinak uste du bere herrialdeak 2030 baino lehen bat egin ahal izango duela EBrekin.

EBk bat egiteko negoziazioak abiatu ditu gaur Ukrainarekin zein Moldaviarekin, Europar Batasunean sartzeko hautagai diren herrialdeen estatusa eman eta bi urtera.

Hungariak azken asteotan izan duen betoa kendu ostean hasi dira negoziazioak, Ukrainak gutxiengo hungariarraren eskubideak errespetatzeko eskatu baitu.

Gaur, Janos Boka Europako Gaietarako ministroak berretsi du Budapestek hamaika puntuko zerrenda duela Kievi planteatzeko, eta horietatik "garrantzitsuena" Hungariako gutxiengoaren erakundeek 2015ean Ukrainan zuten lege-esparrua "bermatzea" dela, bereziki kulturaren eta hezkuntzaren alorrei dagokienez.

Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Ukrainari eta Moldaviari ohartarazi die "bide zaila" izango dela, baina "aukera handiak" eskaintzen dituela.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak esan du Europar Batasunarekin bat egiteko negoziazioak hastea "urrats estrategikoa" dela, baina azpimarratu du gaur hasiko den prozesuan bi herrialdeek "funtsezko erreformak" egitea eskatuko duela.

Azkenik, Espainiak negoziazioak abiatzeko "une historikoa" nabarmendu du, 2023ko amaieran Espainiak Europako Kontseiluaren Presidentetzan egindako lanaren "emaitza" dela ziurtatuz.