Mundua
Gaza, erasopean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Adierazpen horiek egin baino ordu batzuk lehenago, ordea, Israelgo Armadak iragarri du etenaldiak egingo dituela, "inguruan laguntza humanitarioa banatu ahal izateko".
Gazako Zerrenda. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak baztertu egin du "etenaldi teknikoak" egitea Gaza hegoaldean, eta operazioek "aurreikusitakoaren arabera" jarraituko dutela ziurtatu du. "Ez dago aldaketarik Israelgo Defentsa Indarren politikan, eta Rafahko operazioek aurreikusitakoaren arabera jarraituko dute", esan du.
Adierazpen horiek egin baino ordu batzuk lehenago, ordea, Gazako Zerrendaren hegoaldeko erasoaldian etenaldiak egingo dituela iragarri du Israelgo Armadak. Etenaldi horiek 08:00etatik 19:00etara (Gazako ordua) egingo dituztela gaineratu du, eta laguntza humanitarioa banatu ahal izateko izango direla.
Adierazpen baten bidez jakitera eman dutenez, "NBErekin eta nazioarteko erakundeekin eztabaidak izan ondoren" hartu du erabakia Israelek.
Egiptorako mugako pasabidea itxita dago Israelgo Armada joan den hilaren hasieran Gaza hegoaldeko Rafah hirian sartu zenetik. Pasabide horretatik heltzen zen laguntza humanitarioaren zati handi bat. Era berean, Kerem Shalomeko pasabidetik hornidurak tarteka sartzen dira.
Etenaldi humanitarioen ibilbidea, Gazako Zerrendan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia
Ondorioz, ospitaleak eta klinikak itxi behar izan dituzte eta krisi humanitarioak okerrera egin du, Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak salatu dutenez.
Armadaren arabera, lehen etenaldia atzo egin zuten.
Gerra hasi zenetik larunbat hau izan da Israelgo Armadarentzat egunik latzena; izan ere, 8 soldadu hil dira, horiek zeramatzan ibilgailu blindatua lehertuta. Indar armatuen arabera, bonba baten eztandak lehergaiz beteta zihoan ibilgailua harrapatu, eta eztanda handi bat eragin zuen.
Gerra hasi zenetik, 37.200 gazatar baino gehiago hil dira, gehienak emakumeak eta haurrak, Israelgo Armadaren etengabeko erasoetan, baita 307 soldadu israeldar ere.
Hamasen erantzuna Gazako su-eten proposamenari
Bestalde, Hamasek Gazako azken su-eten proposamenari emandako erantzuna "bat dator" Joe Biden AEBko presidentearen printzipioekin. "Hamas eta talde palestinarrak prest daude su-etena ekarriko duen akordio orokorrerako, Gazako Zerrendatik erretiratzeko, suntsitutakoa berreraikitzeko eta presoak trukatzeko akordio baterako", easn du Hamaseko goi buruzagi batek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa