18:19

Mundua

Ekialde Hurbila

Ben Gvir Israelgo ministro ultraeskuindarrak Hezbollahri gerra deklaratzea eskatu du

Agentziak | EITB Media

Bestalde, Hezbollahko bigarrenak, Naim Qassemek, ziurtatu du bere miliziak ez duela Israelen aurkako erasoak areagotzeko asmorik, baina prest egongo litzatekeela horretara behartuta balego.

  • Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindar eta kolonoa. Argazkia: EFE

    Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindar eta kolonoa. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindar eta kolonoak Hezbollah talde libanoarrari gerra deklaratzera bultzatu nahi du Israelgo Gobernua. Libanotik talde xiita horren miliziak jaurtitako koheteen ondorioz astelehenean suteak piztu ziren lekura bisita egin du Ben Gvirrek.

"Hemen akabatzen ari gaituzte. Hezbollahko gotorleku guztiak erre beharko lirateke, suntsitu. Gerra!", adierazi du gaur X sare sozialean argitaratutako bideo batean.

Ia aldi berean, eta Al Jazeera katearekin izandako elkarrizketa baten aurrerapen gisa, Hezbollahko bigarrenak, Naim Qassemek, ziurtatu du bere miliziak ez duela Israelen aurkako erasoak areagotzeko asmorik, baina prest egongo litzatekeela horretara behartuta balego.

Bestalde, Qassemek ziurtatu du Ameriketako Estatu Batuek ez dutela interes "seriorik" Ekialde Hurbileko gatazkari amaiera emateko, eta Joe Biden presidenteak ostiralean proposatutako egitasmoak "helburu elektoralistak" dituela eta ez duela "objektibotasunik".

Hala ere, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin izandako elkarrizketa batean berretsi du Bidenek azaldutako su-eten planari babesa emango diola, eta balizko akordio horrek "ikuspegi sinesgarri bat" zabaldu beharko lukeela nabarmendu du, "bi estaturen irtenbidea praktikan jartzeko".

Bestalde, Bidenek Time aldizkariak gaur argitaratutako elkarrizketa batean adierazi duenez, Netanyahu Gazaren aurkako erasoa luzatzen ari da arrazoi politikoengatik eta gobernu koalizio konplexu baten buruan boterean mantentzeko. "Jendeak ondorio hori ateratzeko arrazoi guztiak ditu", azpimarratu du Bidenek.

Izan ere, Netanyahuk presioak jaso ditu Israelgo gobernu koalizioaren alde ultrakontserbadoretik, AEBen laguntzarekin diseinatutako su-etena ez onartzeko.

Bien bitartean, Israelgo Armadak drone bidezko bonbardaketa bat egin du azken orduetan Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) eskola baten aurka, Bureijeko errefuxiatu-eremuan, Gazako Zerrendaren erdialdean, azpiegiturak Hamasen "gotorleku" bat ezkutatzen zuela aitzakiatzat hartuta.

Urriaren 7tik Israelgo Armadak egindako erasoek 36.500 palestinar baino gehiago hil eta 83.000 zauritu dituzte, Gazako agintariek gaur jakitera eman dutenez. Horiez gain, 520 palestinar inguru hil dituzte segurtasun indarrek eta kolonoek Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen egindako erasoetan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena