21:16

Mundua

Gaza, erasopean

Netanyahuk, bake-proposamenaz: "Hamas politikoki eta militarki suntsitu arte ez da iritsiko"

EITB Media

"Gerrari bukaera emateko Israelek jarritako baldintzak ez dira aldatu: Hamasen Gobernua eta hark eraso egiteko duen ahalmena suntsitu behar dugu, bahitutako pertsona guztiak aske utzi behar dituzte eta Gaza Israelentzat mehatxu ez den bermea jaso behar dugu", esan du lehen ministroak.

  • Netanyahuren agerraldia

    Netanyahuren agerraldia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Itxaropenerako leiho bat zabaldu du munduan AEBko presidente Joe Bidenek iragarritako bide-orriak, baina esperantzarako izpi hori berehala itzali du lehen ministro israeldar Benjamin Netanyahuk, argi utzi baitu gerra ez dela bukatuko Israelek bere helburuak bete arte.

"Gerrari bukaera emateko Israelek jarritako baldintzak ez dira aldatu: Hamasen Gobernua eta hark eraso egiteko duen ahalmena suntsitu behar dugu, bahitu guztiak aske utzi behar dituzte eta Gaza Israelentzat mehatxu ez den bermea jaso behar dugu", esan du lehen ministroak.

Ohar baten bidez adierazi du baldintza horiek guztiak bete behar direla su-eten iraunkorra egon dadin. "Ezinezkoa da Israelek bestelakorik onartzea", erantsi du.

Atzo gauean Israeldik heldutako adierazpenekin bat egin dute Netanyahuren hitzek. Esan bezala, Bidenek hiru fasetan banatutako bake-proposamen bat egin zuen Etxe Zuritik. Israelek eta Palestinak bahituak eta presoak trukatzea, tropek pixkanaka-pixkanaka Gazatik alde egitea eta egoera apur-apurka bere onera itzultzea proposatu zuen, ingurua berreraikitzeko plan baten bidez.

Israelgo lehen ministroaren taldeak baieztatu zuen Hamasi su-etenerako zirriborro bat aurkezteko baimena zutela bere negoziatzaileek, bere helburu militarrak oinarri hartuta.

Hamasek begi onez jo du Bidenen proposamena, su-eten iraunkorrari, Israelgo tropek Gaza uztea eta bahituak trukatzea onartuta, eta ziurtatu du puntu horiek kontuan hartzen dituen edozein plan adosteko prest dagoela.

Talde palestinarrak gaineratu du egunak daramatzala bahitutako pertsonak askatzeko plan bat gauzatzen, presoak Israelgo espetxeetatik ateratzearen truke, betiere Israelek gerra amaitzeko asmoa baldin badu. Guztira 36.200 lagun hil ditu Israelek urriaren 7tik.

AEBko Kongresuan eta Senatuan hitz egiteko gonbidapena onartu du Netanyahuk

Benjamin Netanyahuk Estatu Batuetako Kongresuko bi ganberen aurrean hitzaldia emateko asmoa agertu du larunbatean, Senatuko eta Ordezkarien Ganberako buruzagi demokrata eta errepublikanoek gonbidatuta.

"Hunkituta nago Israel bi ganberen aurrean ordezkatzeko pribilegioa izateagatik eta bai estatubatuarrei bai mundu osoko ordezkariei gerrari buruzko egia azaltzeko aukera emateagatik", adierazi du ohar labur batean.

Senatuko zein Ordezkarien Ganberako buruzagi errepublikano eta demokratek gutun bidez eskaini diote hitzartzea Israelgo agintariari, Israelgo Gobernuak "eskualdean bake justu eta iraunkorra ezartzeko" duen ikuspegia azal dezan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena