08:39

Mundua

GAZA, ERASOPEAN

Bidenek iragarritako bide-orriak Gazan su-etena egoteko esperantza hauspotu du

agentziak | eitb media

Hiru fase izango lituzke: Hamasek bahitutakoak askatzea, Israelgo Armada erretiratzea eta Gaza berreraikitzeko plana adostea. Hamasek begi onez ikusi du proposamena, eta Israelek ere ontzat jo du.

  • Joe Biden AEBko presidentea. Argazkia: EFE

    Joe Biden AEBko presidentea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Joe Biden AEBko presidenteak Gazako Zerrendan su-etena egoteko Israelek proposatu duen bide-orriaren berri eman du ostiralean. Bahituak aske uztea, Armada erretiratzea eta Gaza berreraikitzeko plan bat adostea aurreikusten du egitasmoak.

"Nire lantaldeak egindako diplomazia lan eskergaren ondorioz, eta Israelekin, Qatarrekin, Egiptorekin eta Ekialde Hurbileko beste herrialde batzuekin elkarrizketa asko izan ostean, Israelek proposamen oso bat eskaini du. Su-eten iraunkorra eta bahituen askatasuna lortzeko bide-orria", azaldu du.

Bide-orriaren lehenengo faseak sei aste iraungo du, eta su-etena indarrean sartuta, Israelen Armada Gazako eremu jendetsuenetatik erretiratzea eta bahituetako batzuk (emakumeak eta adinekoak, besteak beste) aske uztea aurreikusten du, preso palestinarrak libre uztearen truke.

Bidenek azpimarratu du zibil palestinarrak etxera itzuli ahal izango direla Gaza osoan, baita iparraldean ere. Su-etenari esker, gainera, 600 kamioi sartuko lirateke laguntza humanitarioarekin.

"Lehenengo fasearen sei asteetan, Israelek eta Hamasek bigarren fasera igarotzeko puntuak negoziatuko dituzte, erasoen behin betiko amaiera lortzeko", gaineratu du, eta negoziazioak luzatuz gero su-etena luzatu egingo litzatekeela gehitu du.

Bigarren fasean, bizirik dauden bahitu guztiak askatuko lituzkete, tartean militarrak, eta Israelgo Armadak Gazako Zerrendatik alde egingo luke.

Azkenik, bide-orriaren hirugarren fasean, "Gaza berreraikitzeko plan handia" adostea aurreikusten da.

Hamasen erantzun "positiboa"

Hamas talde islamista palestinarrak esan du proposamena "positiboa" dela "behin betiko su-etenari, Israelgo Armada Gazatik erretiratzeari, Gazaren berreraikitzeari eta presoen trukeari dagokionez".

Ohar baten bidez, Hamasek esan du modu eraikitzailean negoziatzeko prest dagoela puntu horiek jasoko lituzkeen edozein egitasmo.

Israelen baieztapena

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak baieztatu du su-etenerako zirriborro bat aurkezteko baimena eman diola negoziatzaile taldeari bahituak askatzeko helburuarekin, baina berretsi du gerra ez dela amaituko Israelek bere helburu militarrak lortu arte, Hamasen gaitasun militarra eta agintea deuseztatu arte.

"Lehen ministroak helburu hori duen proposamen bat aurkezteko baimena eman dio negoziazio taldeari, eta Israelek gerrarekin jarraitu ahal izango luke helburuak lortu arte, Hamasen gaitasun militarra eta gobernua suntsitzea barne", adierazi du lehen ministroaren bulegoak X sare sozialean.

EBk ere babesten du

Bestalde, Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako eta Segurtasun Politikarako goi-ordezkariak babestu egin du Bidenek jakinarazitako bide-orria.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ere babestu du proposamena, eta gauza bera egiteko eskatu die Europako agintari guztiei.

David Cameron eta Annalena Baerbock Erresuma Batuko eta Alemaniako Atzerri ministroak ere ekimenaren alde agertu dira jada.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena