Mundua
Ozeania
Agentziak | EITB Media
150 etxe baino gehiago geratu dira 6-8 metroko lur eta haitz geruza baten azpian, 4.000 pertsonatik gora bizi diren herrixkan.
Kaokalam (Papua Ginea Berria), lur azpian. Argazkia: EFE
Nazio Batuen Erakundeko agentzia batek jakinarazi du 670 pertsona baino gehiago hil direla ostiral goizaldean Papua Ginea Berriko herrixka bat azpian harrapatu zuen lur-jausiaren ondorioz, ABC Australiako telebista kateak zabaldu duenez.
Serhan Aktoprak Papua Ginea Berriko Migrazioentzako Nazioarteko Erakundeko arduradunak ABCn adierazi duenez, 150 etxe baino gehiago geratu dira 6-8 metroko lur eta haitz geruza baten azpian, eta hildakoak gutxienez 670 izatea aurreikusten dute.
Aktoprakek adierazi du Kaokalam herrixka (luiziak harrapatu duena) Port Moresby hiriburutik 600 kilometrora dagoela, eta oso eremu arriskutsua dela oraindik lur-jausi gehiago izateko arriskua dagoelako.
"Nire kideek ihes egin behar izan zuten arriskuagatik, oraindik haitzak erortzen eta lurra mugitzen ari baita", gaineratu du NBEren ordezkariak, lurrak etxeei egiten dien presioaren ondorioz ebakuazioa derrigorrezkoa dela gehitu aurretik.
4.000 pertsona inguru bizi dira Kaokalamen, baina agintariek uste dute kaltetuak gehiago direla, askok bertara ihes egin ohi baitute inguruko tribuetako gatazketatik.
Eskualdeko errepide nagusiaren 150 kilometro ere kaltetu dira, eta horrek zaildu egin ditu erreskate eta laguntza lanak.
Eurite eta uholde handiak izan ohi dira inguru horretan, eta lur-jausiak ohikoak dira. Baliabide natural ugari dituen herrialdean den arren, herritar gehienak muturreko pobrezian bizi dira, eta isolatuta, komunikazio eta azpiegitura faltagatik, hondamendia gertatu den lekuan, esaterako.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa