Mundua
Gaza erasopean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Auzitegiak Rafahko erasoaldia "berehala" gelditzeko exijitu dio Israeli. Netanyahuren Gobernuak ziurtatu du ez duela "Palestinako biztanleria zibila suntsitzera eraman dezakeen operazio militarrik egin, ezta egingo ere". Gazako Zerrendan hildakoak gutxienez 35.857 dira dagoeneko.
Rafah. Argazkia: EFE
Israelek Gazako Zerrendan erasoak egiten jarraitzea erabaki du, eta hildakoak 35.857 dira dagoeneko, azken orduetan beste 57 biktima izan ostean. Ostiral honetan Nazioarteko Justizia Auzitegiak (CIJ) Rafahn erasoaldia "berehala" gelditzea agindu dio Israeli, baina aginduari kasurik ez egitea erabaki du.
Era berean, Gazako Osasun Ministerioak zabaldu duenez, Israelen erasoek dagoeneko gutxienez 80.293 zauritu utzi dituzte, azken 231 egunetan.
Palestinako agintariek azpimarratu dute hildakoen eta zaurituen kopuruak handiagoak direla, hondakinen azpian gutxienez 8.000 desagertu daudela uste baitute.
Ostiral honetan emandako irizpenean, Auzitegiko Nauaf Salam presidenteak iritzi dio Israelek ez dituela Gazako Zerrendan zibilen segurtasuna bermatzeko agindutako neurriak bete, batik bat, azken bi asteetan Gazatik irten behar izan diren herritarrekin.
Hartara, "Israelek bere erasoaldi militarra eten behar du lehenbailehen, eta palestinarren bizi baldintzetan eragina izan dezaketen ekintza guztiak gelditu", esan du.
Gainera, Hagako Auzitegiak Israeli galdegin dio "neurri eraginkorrak" har ditzala, ikerketa batzorde eta erakundeek Gazako Zerrendara trabarik gabe sartzeko aukera izan dezaten, genozidio salaketak ikertze aldera, eta Rafahko pasabidea zabalik uztea exijitu dio Israeli, Gazako Zerrendara giza laguntza bideratu ahal izateko.
Hortaz, irizpen berri honetan, urtarrilean eta martxoan igorritako kautelazko neurriak berresteaz gain, "erasoaldia geratzeko" deia egin dio Israeli.
Azkenik, —gaurtik hasita— hilabeteko epea eman dio irizpen berria betetzeko hartuko dituen neurriak txosten batean jasotzeko. Behin txostena esku artean duela, aztertu eta horren berri emango du Nazioarteko Justizia Auzitegiak.
Gaurko neurriak, bestalde, aldeko 13 botorekin onartu dituzte —bik bozkatu dute kontra, Auzitegiko presidenteorde Julia Sebutindek eta Aharon Barak epaile israeldarrak—.
Israelgo Gobernuaren erantzuna
Israelgo Gobernuak nazioarteko auzitegiaren aginduari erantzun dio, eta ziurtatu du ez duela "Palestinako biztanleria zibila suntsitzera eraman dezakeen operazio militarrik egin, ezta egingo ere".
"Israelek ez du operazio militarrik egin eta ez du egingo Rafah eremuan, Palestinako biztanleria zibila, osoa edo zati bat, suntsitzera eraman dezaketen baldintzak sortzeko", azaldu dute Israelgo agintariek ohar bateratu batean. Israelek berretsi du "bidezko gerra" egiten ari dela.
Gainera, Israelek "faltsutzat eta nazkagarritzat" jo ditu Hegoafrikaren genozidioa salaketak. Iragan urriaren 7an Hamasek egindako erasoen ostean eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatuz, Israel "bere lurraldea eta herritarrak defendatzeko eskubidea" erabiltzen ari dela azpimarratu dute oharrean.
Israelgo Gobernuko kiderik erradikalenek errotik errefusatu dute nazioartekoauzitegiaren epaia.
Bezalel Smotrich Finantza ministroaren hitzetan, "Israelak bere buruaren eta mundu aske guztiaren alde borrokatzen jarraituko du. Historiak epaituko ditu gaur Hamaseko naziak babestu dituztenak", ohartarazi du.
Itamar ben Gvir Segurtasun Publikoko ministroak, bere aldetik, auzitegiaren agindua "garrantzirik gabekoa" dela eta gortea bera "antisemita" dela adierazi du.
Ben Gvirren ustez, auzitegiaren aginduari "Rafahren okupazio militar batekin" baino ezin zaio erantzun, "presio militarraren igota", "Hamasen erabateko porrota eta gerran erabateko garaipena" lortu arte.
Bestalde, Mahmud Abas Palestinako presidenteak pozik hartu du Hagako Nazioarteko Justizia Gortearen erabakia. "Nazioarteko komunitateari dei egiten diogu estatu okupatzailea behartzera Gortearen erabakiak inplementatzera eta presio egitera, nazioarteko legitimitatean eta zuzenbidean oinarritutako erabakiak errespeta eta aplika ditzan", adierazi du Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak.
Era berean erantzun du Hamasek, baina, aldi berean, NBEko auzitegiak neurri hori enklabe osorako hartu ez izana deitoratu du.
Halaber, erakunde islamistak nazioarteko komunitateari eta NBEri eskatu die Israel "presionatzeko", epaia bete dezan. Epai horren arabera, Rafaheko mugako pasabidea berriro ireki behar da, eta agentzia humanitarioak "inolako eragozpenik gabe" sartzea ahalbidetu behar da Zerrendara, ustezko gerra-krimenak ikertzeko.
EBk Israeli edo Nazioarteko Justizia Auzitegiari babesa ematearen artean aukeratu behar duela ohartarazi du Borrellek
Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi-ordezkariak adierazi duenez, bloke europarrak Israeli babesa ematea edo nazioarteko erakundea babestea aukeratu behar du.
Borrellen ustez, EBk nor babestu aukeratu behar du auzitegiaren erabakiaren ondoren, "zaila izango baita Israeli laguntzea eta nazioarteko erakundeak errespetatzea".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa