Mundua
Ekialde Hurbila
AGENCIAS | EITB MEDIA
Gainera, Hagako Auzitegiak Israeli galdegin dio "neurri eraginkorrak" har ditzala, ikerketa batzorde eta erakundeek Gazako Zerrendara trabarik gabe sartzeko aukera izan dezaten, genozidio salaketak ikertze aldera. Netanyahuk segurtasun taldea deitu du.
Hagako Auzitegiak Israeli agindu dio geldi dezala Rafahko erasoaldia
Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli manatu dio geldi dezala "berehala" Rafahko erasoaldia, bertan bizi den egoera "jasangaitza" delako.
Ostiral honetan emandako irizpenean, Auzitegiko presidente Nauaf Salamek iritzi dio Israelek ez dituela Gazako Zerrendan zibilen segurtasuna bermatzeko agindutako neurriak bete, batik bat, azken bi asteetan Gazatik irten behar izan diren herritarrekin.
Hartara, "Israelek bere erasoaldi militarra eten behar du lehenbailehen, eta palestinarren bizi baldintzetan eragina izan dezaketen ekintza guztiak gelditu", esan du.
Gainera, Hagako Auzitegiak Israeli galdegin dio "neurri eraginkorrak" har ditzala, ikerketa batzorde eta erakundeek Gazako Zerrendara trabarik gabe sartzeko aukera izan dezaten, genozidio salaketak ikertze aldera, eta Rafahko pasabidea zabalik uztea exijitu dio Israeli, Gazako Zerrendara giza laguntza bideratu ahal izateko.
Hortaz, irizpen berri honetan, urtarrilean eta martxoan igorritako kautelazko neurriak berresteaz gain, "erasoaldia geratzeko" deia egin dio Israeli.
Azkenik, —gaurtik hasita— hilabeteko epea eman dio irizpen berria betetzeko hartuko dituen neurriak txosten batean jasotzeko. Behin txostena esku artean duela, aztertu eta horren berri emango du Nazioarteko Justizia Auzitegiak.
Gaurko neurriak, bestalde, aldeko 13 botorekin onartu dituzte —bik bozkatu dute kontra, Auzitegiko presidenteorde Julia Sebutindek eta Aharon Barak epaile israeldarrak—.
Netanyahuk segurtasun taldea deitu du
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak segurtasun buruzagitza deitu du Nazioarteko Justizia Gorteak ostiral honetan emandako agindua eztabaidatzeko.
Elkarrizketetan parte hartzen ari dira Benny Gantz gerra ministroa, Israel Katz Atzerri ministroa, Yoav Gallant Defentsa ministroa eta Yariv Levin Justizia ministroa, segurtasun iturriek Walla albiste atari israeldarrari esandakoaren arabera.
Lehen ministroak oraindik ez du aginduaren gaineko iritzirik eman, baina, ordea, bere kabineteko kiderik erradikalenek; errotik errefusatu dute auzitegiaren epaia.
Bezalel Smotrich Finantza ministroaren hitzetan, "Israelak bere buruaren eta mundu aske guztiaren alde borrokatzen jarraituko du. Historiak epaituko ditu gaur Hamaseko naziak babestu dituztenak", ohartarazi du.
Itamar ben Gvir Segurtasun Publikoko ministroak, bere aldetik, auzitegiaren agindua "garrantzirik gabekoa" dela eta gortea bera "antisemita" dela adierazi du.
Ben Gvirren ustez, auzitegiaren aginduari "Rafahren okupazio militar batekin" baino ezin zaio erantzun, "presio militarraren igota", "Hamasen erabateko porrota eta gerran erabateko garaipena" lortu arte.
Bestalde, Mahmud Abas Palestinako presidenteak pozik hartu du Hagako Nazioarteko Justizia Gortearen erabakia. "Nazioarteko komunitateari dei egiten diogu estatu okupatzailea behartzera Gortearen erabakiak inplementatzera eta presio egitera, nazioarteko legitimitatean eta zuzenbidean oinarritutako erabakiak errespeta eta aplika ditzan", adierazi du Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak.
Era berean erantzun du Hamasek, baina, aldi berean, NBEko auzitegiak neurri hori enklabe osorako hartu ez izana deitoratu du.
Halaber, erakunde islamistak nazioarteko komunitateari eta NBEri eskatu die Israel "presionatzeko", epaia bete dezan. Epai horren arabera, Rafaheko mugako pasabidea berriro ireki behar da, eta agentzia humanitarioak "inolako eragozpenik gabe" sartzea ahalbidetu behar da Zerrendara, ustezko gerra-krimenak ikertzeko.
EBk Israeli edo Nazioarteko Justizia Auzitegiari babesa ematearen artean aukeratu behar duela ohartarazi du Borrellek
Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi-ordezkariak adierazi duenez, bloke europarrak Israeli babesa ematea edo nazioarteko erakundea babestea aukeratu behar du.
Borrellen ustez, EBk nor babestu aukeratu behar du auzitegiaren erabakiaren ondoren, "zaila izango baita Israeli laguntzea eta nazioarteko erakundeak errespetatzea".
Izan ere, Israelgo Armadak erasoak areagotu ditu Rafah hiriko hainbat gunetan, Nazioarteko Justizia Gortearen epaia jakin eta gutxira.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa