11:25

Mundua

Palestinaren aitortza

Abbasek txalotu egin du Estatu palestinarra aitortzeko Espainiak, Irlandak eta Norvegiak egindako iragarpena

Agentziak | EiTB Media

Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak berretsi du bi estaturen aitortzatik etorriko dela konponbidea, eta hiru herrialdeok gaur emandako urratsa lagungarria izango dela bide horretan.

  • Mahmoud Abbas Palestinako presidentea, Bahraingo erregearen ondoan, maiatzaren 16an

    Mahmoud Abbas Palestinako presidentea, Bahraingo erregearen ondoan, maiatzaren 16an. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Palestinan ongietorria eman diote Espainiako, Norvegiako eta Irlandako gobernuek egindako iragarpenari. Hiru herrialdeok jakinarazi dute maiatzaren 28an aitortuko dutela Palestina Estatu gisa.

Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak txalotu egin du erabakia, eta uste du lagungarria izango dela gatazkaren konponbidean.

Banan-banan aipatu ditu hiru herrialdeak Abbasek, goizean egin duen agerraldian. Espainiari dagokionez, nabarmendu du "herri palestinarra babesteko eta horien eskubideak defendatzeko" beti erakutsi duen "borondatea". "Konponbidea bi estatuen aitortzatik etorriko dela diotenekin bat dator Espainia", esan du.

Ildo beretik mintzatu da Irlanda aipatu duenean ere. Esan du herri palestinarrak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearekin bat egin duela Irlandak, eta konponbidearen abiapuntua hori dela erantsi du. "Bi estatuen aitortzara iristeko abiagunea". 

Era berean, Norvegiako Gobernuaren erabakia goratu du. "Azken urteotan, Norvegia beti agertu izan palestinarren eskubideen alde eta nazioarteko foro guztietan beti bozkatu izan du horien alde", gehitu du.

Azkenik, Palestinak Aginte Nazionaleko buruak berretsi du "Nazioarteko Zuzenbidean aitortutako eskubidea dela erabakitzeko eskubidea", eta Palestinaren erabakitzeko eskubidea aitortzeko deia egin die, oraindik hala aitortu ez duten herrialdeei.

Espainiak, Norvegiak eta Irlandak gaur egindako iragarpenarekin, jada, 146 dira Estatu palestinarra aitortzen duten Nazio Batuen Erakundeko kideak. Maltak eta Esloveniak ere iragarri dute epe laburrean emango dutela urrats bera.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena