20:50

Mundua

Gaza erasopean

Netanyahuk Hagako fiskalari: "Nola ausartzen zara Hamas Israelgo Armadarekin konparatzera?"

Agentziak | EITB Media

Netanyahuren hitzetan, Khanek Israelgo goi-kargudunen aurkako atxilotze aginduak Hamaseko hiru buruzagirentzako atxilotze aginduekin batera eskatu izana "errealitatearen erabateko distortsioa" da.

  • Netanyahu, gaur, bere mezuan.

    Netanyahu, gaur, bere mezuan.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gogor kritikatu du Karim Khan Nazioarteko Zigor Auzitegiko (ICC ingelesez) fiskal nagusiak bere eta Yoav Gallant Defentsa ministroaren aurkako atxilotze aginduak eskatu izana, eta soldadu israeldarrak Hamaseko "munstroekin" alderatzea leporatu dio.

"Zein autoritaterekin konparatzen dituzu Hamaseko munstro horiek munduko armadarik moralena deb Israelgo Defentsa Indarretako soldaduekin?", esan du agintariak bideoan.

Netanyahuren hitzetan, Khanek Israelgo goi-kargudunen aurkako atxilotze aginduak eta Hamaseko hiru buruzagiren (Yahya Sinwar, Ismail Haniyeh eta Mohamed Deif) aurkakoak aldi berean egin izana, "errealitatearen erabateko distortsioa" da.

Khanek baimena eskatu die CPIko epaileei Hamasen urriaren 7ko erasoetan eta Israelek Gazako Zerrendan egindako erasoaldian ustez izandako gerra krimenengatik aipatutako bost lagunen kontrako atxilotze-aginduak emateko.

Israelgo bi funtzionarioei leporatzen dizkien krimenen artean, gosea zibilen aurkako "gerra metodo" gisa erabiltzea eta "nahita egindako hilketak" daude. Hamaseko buruzagiei, berriz, urriaren 7an ehunka zibil israeldar hil izana leporatzen die.

"Israelgo lehen ministro gisa, nazkaz arbuiatzen dut Hagako fiskalak Israel demokratikoaren eta Hamaseko masa-hiltzaileen artean egindako konparazioa", nabarmendu du agintariak.

Netanyahuk antisemitismoa leporatu dio erakundeari. Israel ez da erakunde horretako kide (AEB ez den bezala), eta, beraz, ez lituzke haren aginduak bete beharko.

Hala ere, Europar Batasuneko (EB) herrialde guztiek berretsi dute Erromako Estatutua, eta, beraz, azkenean atxilotze-aginduak emango balira, agintari israeldarrak ezingo lituzke Europako mugak zeharkatu, nahiz eta oraindik ez dagoen argi zein gobernuk onartuko luketen erabakia.

AEBk "eskandalagarritzat" eta "lotsagarritzat" jo du erabakia

Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Defentsa ministroa atxilotzeko nazioarteko aginduak eskatu izana "eskandalagarria" dela esan du Joe Biden AEBko presidenteak.

"Utzidazue argi hitz egiten: fiskal honek (Karim Khan) aditzera eman dezakeena gorabehera, ez dago inolaz ere Israel eta Hamas parekatzerik. Beti egongo gara Israelen ondoan bere segurtasunaren aurkako mehatxuen aurrean", adierazi du Etxe Zuriak igorritako ohar batean.

Bestalde, Antony Blinken AEBetako Estatu Departamentuko idazkariak "lotsagarritzat" jo du erabakia, eta "su-eten akordio bat lortzeko abian dauden ahaleginak arriskuan jar ditzakeela" adierazi du.

"Holokaustotik gertatu den juduen sarraskirik larriena egin duen erakunde terrorista bortitza da Hamas, oraindik ere dozenaka pertsona errugabe bahituak dituena, estatubatuarrak barne", esan du CNN telebista kateak jasotako ohar batean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena