Mundua
Eslovakia
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Eslovakiako lehen ministroaren erasotzaileari
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Poliziak egindako galdeketan errudun dela aitortu du. Bestalde, esan du lehen ministroari tiro egin ziola haren politikekin ados ez dagoelako eta zauritu nahi zuelako, "hiltzeko asmorik gabe".
-
Komunikabideak Juraj Cintularen zain, galdekatu duten bitartean. Argazkia: EFE
Auzitegi batek agindu du Juraj Cintulak behin-behinean preso jarraitzea, ihes egin dezakeela edo berriro delitu bat egiteko arriskua dagoela argudiatuta. Eslovakiako lehen ministro Robert Ficori tiro egin eta larri zauritzeagatik atxilotu zuten.
Horrela, Fiskaltzaren eskaera onartu du Pezinok hiriko Zigor Auzitegi Espezializatuko instrukzioko epaileak. Cintulak, baina, helegitea aurkez dezake erabaki horren aurka, auzitegi horretako bozeramaile baten hitzetan.
Cintulak aurrenekoz deklaratu du gaur erasoa egin zuenetik, segurtasun neurri zorrotzak tarteko.
Poliziak hilketa saiakera egotzi dio, asteazkenean Ficori bost tiro emateagatik. Hori horrela, gutxienez 25 urteko kartzelaldiari egin beharko dio aurre, eta baliteke biziarteko kartzela-zigorra jasotzea.
Gaurko saioan, Cintulak errudun dela onartu du, TA3 irrati kateak jakitera eman duenez. Galdeketan esan du lehen ministroari tiro egin ziola haren politikekin ados ez dagoelako eta zauritu nahi zuelako, "hiltzeko asmorik gabe".
Fico ospitalean dago egonkor, bere kordean, baina larri. Asteazkenetik bi ebakuntza egin dizkiote, lau bala zauriak osatze aldera.
Ministroen Kontseiluak egindako bileratik atera zenean tirokatu zuten Fico, Handlova hirian.
Erasotzailearen profila kontraesankorra da: Fico kritikatzen du, indarkeriaren aurka dago, baina iraganean ideologia ultranazionalistetatik eta arrazistetatik gertu egon zen.