Mundua
Gaza erasopean
EITB Media
1988ko Lehen Intifadatik urriaren 6ra bitartean hildako palestinar kopurua halako hiru dira Israelek urriaren 7tik hona hil dituen palestinarrak: 35.000.
Israelen bonbak, Yabalian. EFE.
Israelgo Armadak Gazako Zerrendaren iparraldeko guneei eraso die berriro, lurrez, Jabalia inguruan, Israelen arabera Hamasen indarrak "berrantolatzen" ari direlako bertan. Lurrez sartu aurretik, airez bonbardatu dute Gazako errefuxiatuentzako kanpaleku handienaren ingurua.
Israelek urriaren 7an "azken gerra" hasi zuenetik 35.000 pertsona baino gehiago hil ditu Gazan, Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera. Kopuru horren tamaina ulertzeko, B'Tselem Israelgo Lurralde Okupatuetako Giza Eskubideen Informazio Zentroaren arabera, 11.600 palestinar hil ziren 1988tik 2023ko irailera bitartean Gazako bi intifadetan eta hiru gerratan. 1988ko Lehen Intifadatik urriaren 6ra bitartean hildako palestinar kopurua halako hiru baino gehiago dira Israelek urriaren 7tik hona hil dituen palestinarrak: 35.000.
Azken 24 orduotan, 63 lagun hil ditu Israelgo Armadak Gazan, eta dagoeneko 35.034 dira urritik hildakoak. Biktimen % 72 emakumeak eta haurrak dira. Gainera, gutxienez 114 lagun zauritu dira azken orduetan, eta zaurituak 78.700tik gora dira dagoeneko. Edonola ere, behin-behineko balantzea da, Gazako agintarien datuen arabera 10.000 lagun inguru egoin baitaitezke hondakinen azpian harrapatuta eta erreskatea ezinezkoa den tokietan.
Horrez gain, 17.000 haurrek gurasoetako bat edo biak galdu dituzte gainera, eta 30 pertsona baino gehiago hil dira jada gosez. 493 osasun langile ere hil dituzte, eta 310 dituzte atxilotuta, baina horietako dozenaka non dauden ere ez dakite. Halaber, 33 ospitale eta 55 osasun zentro lan egin ezinda utzi dituzte Israelen erasoek, "osasun sistema hondatuta".
Gazako agintariak balantze horiek egiten ari ziren bitartean, Israelgo Armadak Rafahn martxan duen erasoaldiaren hotsak ozen entzuten dira. Gaza hegoaldeko eremu horretatik 300.000 pertsonak ihes egin dutela uste dute, bonbardaketen etengabeko mehatxuaren aurrean.
Rafah ekialdeko auzoetan 100.000 biztanle ingururi eragin zien lehen ebakuazioa agindu eta sei egunera, Israelek Rafah eta Shaburako kanpalekuak eta Adari eta Geneina auzoak uzteko agindua eman zien atzo biztanleria zibilari. 1,4 milioi barne desplazatu daude hiri horretan.
Gazatarrak, Rafahtik ihesi. EFE.
Egiptok bat egingo du Israelen aurkako salaketarekin
Nazioarteko Justizia Gortean Gazako genizidio arriskuagatik zabalik dagoen Israelen aurkako prozeduretan sartzea eskatuko duela iragarri du igande honetan Egiptoko Gobernuak.
"Egiptok formalki esku hartuko du Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Gortean Israelen aurka aurkeztutako demanda babesteko, Israelek Gazako Zerrendan Genozidio Krimena Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioaren arabera dituen betebeharrak urratu dituen ikertzeko", Egiptoko Atzerri Ministerioaren ohar baten arabera.
"Israelek Gazako Zerrendan zibil palestinarren aurka egindako erasoen larritasunak eta irismenak okerrera egin dutela eta Palestinako herriaren aurkako praktika sistematikoak etengabe egiten direla ikusita" hartu du erabakia Egiptok.
Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak, besatalde, Gazan berehalako su-etena deitzeko, bahituak baldintzarik gabe askatzeko, laguntza humanitarioa handitzeko eta gerrak ia guztiz suntsitu duen Zerrenda berreraikitzeko eskatu du Kuwaitetik igande honetan. "Su-etena, ordea, hasiera besterik ez da izango. Gerra honen triskantzatik eta traumatik atera arteko bidea luzea izango da", erantsi du.
Bestalde, Volker Türk Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak Israelek Rafahn egindako operazio berria gaitzetsi du, baita Palestinako herritarren aurkako desplazamendu behartuak ere. "Nora joatea nahi duzu (Israel)? Jada ez dago leku segururik Gazan! Akituta dagoen jendea da, gose dena eta aukerarik gabe geratu dena. Gazako beste hiriak, Khan Yunis kasu, hondakin bihurtu dira eta erasopean jarraitzen dute", adierazi du.
Horregatik guztiagatik, Türkek ohartarazi du Israelek Rafahn egindako erasoaldi militar handi batek "hondamendia" ekarriko lukeela, bai eta "krimen eta ankerkeria berriak" ere.
"Ebakuazio-agindu horiek eta Nazioarteko Justizia Gorteak gai horri buruz agindutako behin-behineko neurriak ez dira bateragarriak, eta zer esanik ez, horren dentsitate handiko eremu zibil batean egin asmo den erabateko eraso bat", esan du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa