Mundua
Gaza erasopean
Agentziak | EITB Media
Apirila amaieran, AEBk betoa ezarri zion eskubide osoko kide izateari. Orain, "eskubide eta pribilegio gehigarriak emateko" ebazpen bat bozkatuko dute Batzar Nagusian. Onartuko balitz, salbuespena litzateke Palestina, aitortza berezidun estatu behatzailea.
NBEren Batzar Orokorraren aurreko bilera bat. Argazkia: un.org
Nazio Batuen Erakundearen (NBE) baitan estatus berria izan lezake aurki Palestinak. Bozketa garrantzitsua dute gaur arratsaldean NBEren Batzar Orokorrean, estatukide behatzaile gisa dagozkion eskubideak handitzea proposatzen duen ebazpena eztabaidatuko baitute herrialdeek.
AEBk Palestina eskubide osoko kide izateari betoa ezarri zion apirila amaieran Segurtasun Kontseiluak, eta beto horren ostetik etorri da gaurko ekimena.
Batzarra 14:00etan abiatuko da (GMT ordutegia, 16:00etan Euskal Herrian). 30 bat herrialdek bultzatu dute ebazpena, eta Palestinaren asmoei babesa ematea eta AEBren jarrera publikoki gaitzestea du helburu. AEB bakarrik geratu dela ikusarazi nahi dute.
Batzar Orokorrak ezin du herrialde bat eskubide osoko kide izendatu (Segurtasun Kontseiluari dagokio hori soilik), baina "eskubide eta pribilegio osagarriak" aitor diezazkioke. Hala nola, proposamenak bakarka edo taldean aurkezteko aukera, erreplika eskubidea eskatzea, edo agendan moldaketak egitea galdegitea.
Onartuko balitz, Palestinako estatusa bakarra litzateke NBEn, estatu behatzaile (Vatikanoa) eta eskubide osoko estatuaren artean, erdibidean.
Testuan Segurtasun Kontseiluari zuzendutako mezua ere txertatu dute. "Palestinako Estatuak eskubide osoko estatu jotzeko baldintzak betetzen ditu, eta Segurtasun Kontseiluari gaia berriz heltzeko gomendatzen diogu. Palestinako herriak autodeterminaziorako eskubidea du, eta horretarako estatu independente izateko eskubidea aitortu behar zaio eta Israelgo okupazioa amaitu", irakur daiteke.
Ebazpena sustatu duten herrialdeek ñabardura bat erantsi dute adierazpenean, babes gehiago lortze aldera. Zehaztu dutenez, Palestinaren estatus berria "salbuespenezkoa" da eta ez du "aurrekaririk sortuko". Hain justu, Taiwanek edo Kosovok halako aitortza eskatuko duten beldur ziren Txina eta Serbia.
Aurretik ere Palestinaren aldeko ebazpenak onartu ditu Batzar Orokorrak. Abenduan su etena galdegin zuten 150 aldeko botorekin. Gaurko bozketarako antzeko emaitza espero da, edo hortik gorakoa —ganberaren bi heren behitzat, bai—. 100 kidek baino gehiagok eskatu dute hitza hartzea, tartean Espainiak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa