Mundua
Gaza erasopean
EITB Media
Asteburuan jarraitzekoak dira negoziazioak Kairon. Netanyahurengako nazioarteko presio politiko, sozial eta ekonomikoari, Gobernuaren barruko desadostasunak gehitzen zaizkio orain, akordio baten kontrakoen mehatxuekin.
Rafah, bonbardaketa baten ostean, gaur. EFE.
Israelen akordio proposamenak mahai gainean jarraitzen du, Hamasen erantzunaren zain. Ismail Haniye buruzagiak ostegun honetan adierazi duenez, Hamasek "espiritu positiboarekin" hartu du bahituak askatzeko eta Gazako Zerrendan su-etena ezartzeko proposamen hori. Horrek ez du esan nahi ordea, aste honetan iragarri duenaren ildotik, negozioazioak bermatuta daudenik, Hamasek argi utzi baitu su-etenari eta bahituen askapenari buruzko elkarrizketak eten egingo dituela Israelek Rafah hiriaren aurkako lurreko operazioa hasten badu.
Gaur jakin da Hamaseko ordezkaritza bat Kairora iritsiko dela larunbat honetan, negoziazioekin jarraitzeko. Gainera, Haniyek eskerrak eman dizkio Egiptori bitartekaritzagatik, Qatarrekin eta AEBkin lankidetzan ari dena kontaktuen kudeaketan.
Hain zuzen ere, Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak Benjamin Netanhayu Israelgo lehen ministroari Jerusalemera egindako zazpigarren bisitan berriro esan dio, garrantzitsua dela talde palestinarrarekin su-eten itun bat lehenbailehen sinatzea.
Izan ere, denborak aurrera egin ahala, areagotzen ari Israelek Gazaren aurkako erasoa geldiarazteko nazioarteko presioa, zazpi hilabetean 34.600 pertsona baino gehiago hil eta ia 80.000 zauritu ondoren.
Barneko presioak Israelen
Erasoaldia bertan behera uzteko presioak areagotu egin dira Netanyahurengan Israeletik kanpo; barruan, baina, beste norabidean doaz presioak, Netanyahuren kide ultraeskuindarrek lehen ministroaren jarrera moderatuegia dela uste baitute.
Bezalel Smotrich Israelgo Finantza ministro supremazistak Hamasekin adostutako balizko su-eten baten aurka egin du ostiral honetan, eta Rafahren aurka "indar osoz" aritzeko eskatu du. 1,4 milioi pertsona bizi dira Rafahn, nora jo ez dutela.
Sua bizitu beste asmorik ez duen hizkera erabiliz, ministroak Estatu Batuei leporatu die talde palestinarrari eta bere liderrei "immunitatea" ematea eta Hamas "suntsitzea" eragoztea.
Smotrichek, Segurtasun Nazionaleko ministro Itamar Ben Gvir eta Asentamendu ministro Orit Strock juduekin batera, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernua uzteko mehatxua egin du, baldin eta Hamasekin ituna lortu eta erasoaldia gelditzen bada.
Adierazpen horiek egin dituzten egun berean argitaratu du The Times of Israel egunkariak inkesta esanguratsu da. Galdekerta horren arabera, israeldarren % 54 Hamasekin talde palestinarrak dituen 133 bahituak (ez dakite zenbat dauden bizirik) askatzeko akordioa lortzearen alde dago.
Aldiz, israeldarren % 38 Rafahn inbasio militarra egitearen alde agertu dira.
Inkestak zehazten duenez, eskuin muturreko boto-emaileen % 79 Rafahn lurrez sartzearen alde daude, eta zentroko eta ezkerreko boto-emaileen % 81 bahituak askatzea bideratuko duen itun baten alde.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa