Mundua
Gerra Gazan
agentziak| eitb media
Gaur goizean, Blinken Netanyahurekin bildu da Israelen eta Hamasen arteko su-etena bultzatzeko. Bi politikariek bilera pribatua egin dute Jerusalemgo lehen ministroaren bulegoan.
Al-Shifa ospitalea, Gazan. Argazkia: EITB Media
Egiptok, Gazan Israelen eta Hamasen arteko su-etena lortzeko bitartekari lanak egiten ari dena, "alde guztiekin" ahaleginak egiten jarraitzen duela adierazi du asteazken honetan, eta harremanak "giro positiboan" garatzen ari direla ziurtatu du, Al QaheraNews Egiptoko telebista katearen arabera.
Nabarmendu dutenez, Kairo "alderdi interesdun guztiekin dabil harremanetan, Israelen eta Hamas talde islamista palestinarraren arteko zenbait puntu eztabaidagarri konpontzeko".
Egiptoko agintariak Hamasen buruzagitzak behin betiko erantzun bat ematearen zain daude, preso palestinarrak bahituen truke aldatzeko eta gazatarrei laguntza handitzeko proposamena jaso ondoren.
Hamaseko negoziatzaile talde batek elkarrizketak izan zituen astelehenean Kairon, eta, Egiptoko iturriek adierazi zutenez, talde palestinarraren ordezkaritzak "alde egin zuen" Egiptoko hiriburutik, baina idatzizko erantzun batekin itzuliko da".
Proposamen hori ostiralean negoziatu zuten Egiptoko segurtasuneko goi-arduradunek Israelen, su-eten bat lortzeko presiopean, Israelek Rafahen egin zezakeen operazio militar bat saihesteko.
Lortuz gero, Hamasen eta Israelen arteko bigarren su-etena izango litzateke Gazako gerra hasi zenetik. 208 eguneko gerraren ondoren, Gazako Zerrenda hondamen-egoeran dago. Biztanleriaren % 80 desplazatuta dago, ur-eskasia du eta muturreko elikagai-falta. Ondorioz, 200.000 pertsona inguru daude gosetearen ertzean. Horrez gain, gero eta gaixo gehiago daude eta 34.500 pertsona baino gehiago hil dituzte, gehienak emakumeak eta haurrak.
Blinkenek su-eten bat "orain" lortzeko konpromisoa berretsi dio Israelgo presidenteari
Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak bahituak askatuko dituen su-etenaren akordioa "orain" lortzeko eta Gazako egoera humanitarioa hobetzeko konpromisoa berretsi du, Isaac Herzog Israelgo presidentearekin asteazken honetan Tel Aviven egindako bileran esan duenez.
"Bahituak etxera eramango dituen su-etena lortzea erabaki dugu, eta hori orain lortzea. Lortzen ez bada, errudun bakarra Hamas izango litzateke. Proposamen bat dago mahai gainean. Unea orain da", esan du Blinkenek, Israelgo presidentearen bozeramailearen ohar baten arabera.
"Une honetan oso proposamen argia dago mahai gainean, Hamasek baietz esan behar du, beharrezkoa da hori gauzatzea", esan du Blinkenek, Haaretz egunkari israeldar liberalak aipatuta.
Gainera, gazatarrak ere gogoratu nahi izan ditu, "Hamasek eragindako su gurutzatuan sufritzen ari direnak", eta janaria, botikak, ura eta aterpea eskuratzeko lanean ari dela ziurtatu du.
Bestalde, Israelek nazioarteko zuzenbidea betetzen duela berretsi du Herzogek eta Nazioarteko Zigor Auzitegiak gerra krimenengatik Israelgo hiru goi-kargudun atxilotzeko aginduak emateko aukera gaitzetsi du. Horien artean Benjamin Netanyahu lehen ministroa egongo litzateke, Haaretz egunkariak astelehen honetan jakitera eman zuenez.
Gaur goizean, Blinken Netanyahurekin bildu da Israelen eta Hamasen arteko su-etena bultzatzeko. Bi politikariek bilera pribatua egin dute Jerusalemgo lehen ministroaren bulegoan.
Israelgo ministro ultraeskuindarrak ohartarazi duenez, Hamasekin akordio batera heltzeak "dena zakarrontzira botatzea" esan nahi du
Israelgo Orit Strock Asentamendu eta Misio Nazionaletako ministro ultraeskuindarrak Armadako irratiari eskainitako elkarrizketa batean baieztatu duenez, Gazako Zerrendan su-etena lortzeko eztabaidatzen ari diren akordioak "dena zakarrontzira botatzea esan nahi du", helburu militar nagusiei bizkarra ematen dielako.
"Jendea gerrara bidaltzen duen gobernu batek, milaka soldadu Gobernuak proposatutako helburuen alde borrokatzeko deitzen dituenak, eta gero 'ez du axola, dena zakarrontzira botako dugu', esaten duenak ez da existitu behar", kritikatu du Strockek.
Adierazpen horiekin, Strockek bat egin du Gobernuko beste kide supremazista juduen ahotsekin, Bezalel Smotrich Finantza ministroa eta Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionalekoa. Horiek argi utzi dute Gobernua utziko dutela su-etena lortuz gero.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa