Mundua
Gaza, erasopean
agentziak | eitb media
Egiptoko iturrietatik baieztatu dutenez, Israelgo eta Egiptoko ordezkaritzek "urrats nabarmenak" egin dituzte "Gazako Zerrendan su-etena lortzeko negoziazioetan".
Txikizioa Gazan. Argazkia: EFE
Hamas talde palestinarrak larunbat honetan baieztatu duenez, jada jaso du Israelen su-eten proposamena, bahitu israeldarrak preso palestinarrekin trukatzea proposatzen duena, eta aztertu egingo duela hitzeman du.
"Hamas mugimenduak gaur jaso du okupazio sionista (Israel) mugimenduaren iritziari eman dion erantzuna, bitartekari egiptoarrei eta qatartarrei eman zien apirilaren 13an", adierazi du Jalil al Hiya Hamasek Gazako Zerrendan duen buruaren ondokoak.
Al Hiyaren arabera, "mugimenduak aztertu egingo du proposamena, eta ondoren erantzun bat emango du", baina ez du zehaztu zenbat denbora behar duen erantzuna prestatzeko, nahiz eta Israelek ohartarazi ez duela denbora asko emango zain.
Ostiralean, Egiptoko bitartekari talde bat Israelera joan zen su-etenen negoziazioei berrekitera.
Al Qahera News Egiptoko telebistaren arabera, Israelgo eta Egiptoko ordezkaritzek "urrats nabarmenak" egin dituzte "Gazako Zerrendan su-etena lortzeko negoziazioetan".
Era berean, Egiptoko segurtasun indarretako iturriek baieztatu dute elkarrizketak "emankorrak" izan direla, eta "su-etenerako akordioa galarazten zuten oztopo asko" gainditu dituztela, nahiz eta Israelek Rafahn inbasioa egiteko arriskuak hor jarraitzen duen.
Iturri horien esanetan, Israel operazio militarrak sei astez gelditzeko prest dago, herritarrak Gaza iparraldera itzul daitezen, eta begi onez jo du bahituak presoekin trukatzea.
Walla egunkari israeldarrak zabaldu duenez, Tel Aviveko Gobernuak azken aukera bat eman nahi zion su-etenaren negoziazioei, Rafahn lurreko inbasioari ekin aurretik.
Dena den, Israelek Egiptoko ordezkariei azpimarratu die Rafahko inbasioa prestatzeko lanak aurrera jarraitzen duela, eta ez diola Hamasi prozesua atzeratzen utziko.
Hamasek 133 pertsona ditu bahituta urriaren 7an erasoaldia egin zuenetik, baina litekeena da horietako asko hilda egotea dagoeneko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa