Mundua
Ameriketako Estatu Batuak
EITB Media
Irene Khan NBEko adierazpen askatasunerako errelatore bereziaren arabera, protestarako eskubidea urratzen ari dira. Etxe Zuriak, Trumpek eta Netanyahuk "antisemitismoaz" hitz egin dute, eta Erdoganek "faxistatzat" jo du manifestarien aurkako errepresioa.
Palestinaren aldeko protesta New Yorken. Argazkia: EFE
AEBko unibertsitateetan, Palestinaren aldeko protestetan, 400 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte azken bederatzi egunetan, irakasleak tartean.
New Yorkeko Columbia Unibertsitatean eta Bostongo Emerson Collegen izan dira atxiloketa gehien, New York Times egunkariaren arabera. Apirilaren 17tik 100 bat pertsona atxilotu dituzte bakoitzean. Halaber, ia ehun atxiloketa egin dituzte Hego Kaliforniako Unibertsitatean (Los Angeles), eta dozenaka Texasen, Indianan eta Minnesotan.
Herrialdeko beste zentro batzuetan ere, hala nola Harvard, Cornell, Berkeley eta Massachusettseko MIT unibertsitateetan, protesta-kanpaldiak egin dituzte.
Columbiako Unibertsitatean, protestak, kanpaldi jendetsuak, zutik jarraituko du gutxienez hurrengo orduetan, dekanotzak emandako ultimatuma bertan behera utzi ostean; izan ere, ostegunetik ostiralerako gauerdira arteko epea eman zuen eremua husteko.
Minouche Shafik Unibertsitateko presidenteak ohar batean azaldu duenez, "negoziazio prozesu formal bat dago" protestaren deitzaileekin, eta "martxan dago oraindik". "Guk gure eskaerak ditugu, eurek eurenak dituzte", gaineratu du.
Los Angelesko Unibertsitateak atzo iragarri zuen bertan behera utzi duela aurtengo graduazio ekitaldia, tentsioa dela eta.
NBEk "histerikotzat" jo du manifestarien aurkako oldarraldia
Nazio Batuen Erakundeko adierazpen askatasunerako errelatore bereziak, Irene Khanek, gogor kritikatu du azkenaldian Ameriketako Estatu Batuetako campusetan egindako manifestazioen aurkako oldarraldi "histerikoa", eta ehunka atxiloketa eginda protestarako eskubidea urratzen ari direla salatu du.
"Diskurtso legitimoa babestu behar da, baina, zoritxarrez, Ameriketako Estatu Batuetan histeria nagusitzen ari da", esan du Khanek, herrialdeko hainbat unibertsitatetan errektoreak dimisioa ematera behartu ondoren, diskurtso eta ekintza antisemitak baimentzea leporatuta.
Khanek "gorroto hitzaldiak eta Israel erakunde politiko eta estatu gisa kritikatzea ez nahastea" eskatu du, "Israel kritikatzea guztiz legitimoa delako, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera".
Erreakzio politikoak
Aste honetan, Joe Biden presidenteak, besteak beste, "protesta antisemitak" eta "palestinarrekin gertatzen ari dena ulertzen ez dutenak" kritikatu zituen. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "antisemitatzat" jo ditu protestak.
Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak gaur Pekinen adierazi duenez, "ikasleen frustrazioa" oso ondo ulertzen du, eta manifestatzeko eskubidea "errespetatu" egiten duela esan du; izan ere, "gure demokraziaren bereizgarria da".
Donald Trump Etxe Zurirako hautagai errepublikano eta presidente ohiak, bere aldetik, manifestarien eta elkarretaratzeen aurkako jarrera argia azaldu du, eta 2017ko Charlottesvilleko (Virginia) martxa ultraeskuindarrak baino askoz arriskutsuagoak direla esan du.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak "faxistatzat" jo du AEBko agintariek protestei emandako erantzuna. "Demokraziaz eta adierazpen- eta bilera-askatasunaz urteetan sermoiak bota dizkigutenak bat-batean faxista bihurtzen dira Israel eta bere interesak direnean", adierazi du Turkiako presidenteak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa