17:28

Mundua

Gaza, erasopean

Askatasunaren Ontzidia Turkian dago harrapatuta, Israelen presioengatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

NBEk laguntza humanitarioa iristen uzteko eskatu dio Israeli. Bestalde, Israelgo Armadak ziurtatu du Gazara airez, lurrez edo Ashdodeko portutik iristen ez den edozein laguntza "probokazioa" izango dela.

  • Askatasunaren ontzidia

    Askatasunaren ontzidia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Gazara Askatasunaren Ontzidia iristea ahalbidetzeko eskatu dio Israeli; izan ere, ostiral honetan Istanbuldik itsasoratzea zegoen aurreikusita, 5.500 tonako laguntza humanitarioa eramateko. Laguntza hori igarotzen uztea Israelen nazioarteko betebeharren parte dela ziurtatu du, lurralde palestinarrean genozidioa saihesteko.

"Israelek nazioarteko legea bete behar du, Nazioarteko Justizia Gorteak berriki emandako aginduak barne, laguntza humanitarioa oztoporik gabe iristen dela ziurtatzeko", esan dute ohar baten bidez NBEren Palestinarako errelatoreak (Francesca Albanese), NBEren elikadurarako errelatoreak (Michael Fakhri) eta NBEren etxebizitzarako errelatoreak (Balakrishnan Rajagopal).

Gaineratu dutenez, giza eskubideen aldeko ekintzaileek antolatutako Askatasunaren Ontzidiak "nazioarteko uretan segurtasunez ibiltzeko eskubidea du, eta Israelek ez du horren nabigatzeko askatasuna oztopatu behar".

Israelgo Armadaren arabera, Gazara airez, lurrez edo Ashdodeko portutik iristen ez den edozein laguntza "probokazioa" izango da.

NBEren errelatoreen iritzian, ontzidia elkartasuna erakusten ari da, "Estatuek Israel Gazan eragiten ari den genozidioa eta gosetea geldiarazteko betebeharra betetzen ez dutenean eta Israel armez laguntzen ari diren honetan".

NBEko giza eskubideen arloko hiru adituak, gainera, kezkatuta agertu dira ontzidiko tripulazioaren segurtasunagatik, 2010ean Israelek nazioarteko uretan beste misio bat geldiarazteko eraso eginez 10 langile humanitario hil baitzituen.

Erdoganek Netanyahu "Gazako harakina" dela adierazi eta "genozidioa" salatu du

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa "Gazako harakina" dela esan du, eta Turkiako Gobernua "genozidiotzat" jotzen duen horren aurrean ez dela isilik geratuko azpimarratu du.

"Hitler eta gure garaiko naziak Gazan 15.000 haur baino gehiago hil dituztenak dira. Netanyahu, bere aurretik izandako kriminalak bezala, Gazako harakina bezala ezagutuko da historian", adierazi du Erdoganek Ankaran egindako hitzaldian.

"Inork ezin du espero genozidio baten aurrean isilik egotea", gaineratu du agintariak, eta Hamas ez dela talde terrorista nabarmendu du, "erresistentzia nazional palestinarra" baizik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena