Mundua
GAZA, ERASOPEAN
EITB MEDIA
Egiptoko segurtasun iturriek azaldu dutenez, Kairok Israelgo kartzeletan dauden preso palestinarrekin trukea proposatu du, besteak beste.
Protestak Gazan. Argazkia: EFE
Egiptoko Inteligentzia Zerbitzuko ordezkaritza bat Israelera iritsiko da gaur, Kairok, Qatarrek eta AEBk Gazako Zerrendan su-etena lortzeko egindako negoziazioak bultzatzeko asmoz, Egiptoko segurtasun iturriek jakitera eman dutenez.
Iturri horien arabera, su-etena lortzeko eta Gazan Hamasen eskuetan dauden bahitu guztiak askatzeko egindako "ahaleginen" ondorio da Egiptoko ordezkarien bidaia hau.
Era berean, Kairok Israelgo kartzeletan dauden preso palestinarrekin trukea proposatu duela adierazi dute. Horrez gain, Egiptoko bitartekaritza taldeak proposamena helarazi dio Hamasi, Tel Avivi jakinarazi aurretik. Presoak eta bahituak trukatzeaz gain, su-etenaren proposamen horretan Egiptok behin eta berriz azpimarratzen du Israelgo tropak Gazako Zerrendako hainbat tokitatik erretiratu behar direla, eta desplazatu palestinarrak Gaza iparraldeko beren etxeetara itzultzea ahalbidetu behar dela. Israelek, orain arte, ezetza eman dio proposamen horri.
Iturrien arabera, Egiptoko ordezkaritza Tel Avivetik itzultzen denean, Hamaseko ordezkaritza batekin bilduko da Israelen erantzuna aztertzeko.
Mohamed bin Abderrahman Qatarko lehen ministroak penaz hartu du su-etena adosteko negoziazioak geldituta egotea eta Israelek Rafahn operazioa egiteko aukera desagertu ez izana.
Bien bitartean, Ameriketako Estatu Batuetako Armada kai bat eraikitzen hasi zen atzo, osteguna, Gazako kostaldearen aurrean, Gazara laguntza humanitarioa eramateko itsas korridore bat ezartzeko. Aurreikuspenen arabera, kai horretatik egunean 2 milioi kilo janari eta edari sartu ahalko dira Gazara.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa