Mundua
Migrazioa
agencias | eitb media
Erresuma Batuko lehen ministroaren ustez, "agortuta" dago britainiarren pazientzia, migrazio politika hori "blokeatzen" direnez "nazkatuta".
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EFE
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak asiloa eskatu duten Ruandako migratzaileak deportatzeko egitasmoa defendatu du, eta jakinarazi du hiru hilabeteko epean bidaliko dituztela hegazkinez Afrikara, "gertatzen dena gertatzen dela", Parlamentuan blokeatuta dagoen araudiari erreferentzia eginez.
Erresuma Batuak eta Ruandak itun bat sinatu zuten 2023ko abenduan, eta Sunakek espero zuen horrekin Auzitegi Gorenak atzera bota zuen deportazio egitasmoaren inguruko zalantzak uxatu egingo zituela, migrazioaren gorakadari aurre egiteko 'tori'en neurri nagusia baita.
Baina lege berria ez aurrera ez atzera dago Parlamentuan, eta Sunakek dio oposizio laboristaren borondate faltagatik eta Lorden Ganberaren blokeoagatik dela.
Lehen ministroaren ustez "agortuta" dago britainiarren pazientzia, migrazio politika hori "blokeatzen" ari direnez "nazkatuta". Horren harira, adierazi du Gobernuak bere partea egin duela eta Parlamentuko izapideak amaitzeko zain dagoela deportazioei ekiteko.
"Legea onartzen denean, abian jarriko dugu kanporatzeko prozesua lehenengo hegaldirako identifikatutako pertsonekin", azaldu du. Ez du xehetasunik eman hegazkinen inguruan eta noiz hasiko den, baina "10 eta 12 asteko" epea jarri du.
Sunakek esan du lasai dagoela egitasmo berriaren legezkotasuna dela eta, Erresuma Batuak nazioartearekiko dituen betebeharrak errespetatzen dituelakoan, baina Europako Giza Eskubideen Auzitegiari entzungor egiteko aukera aipatu du.
"Ez diogu atzerriko auzitegi bati hegazkinek aire hartzea galarazten utziko", azpimarratu du, "segurtasun nazionala" lehenetsiko duela hitzeman aurretik.
Gainera, esan du aldebiko harreman ona duela Ruandarekin, eta bertako agintariak egitasmoa aurrera eramateko esfortzua egiten ari direla. Era berean, herrialde segurua dela berretsi du.
Hala eta guztiz ere, Nazio Batuen Erakundeak behin baino gehiagotan agertu du kezka neurri horren aurrean, eta gaur bertan, NBEko kontalari batzuek zalantzan jarri dute hegaldi zibilen papera, Nazioarteko Zuzenbidea urra dezaketelako deportazioen "laguntzaile" izaten.
NBEk uste du ez dagoela berme nahikorik migratzaileak nazioarteko protokoloaren arabera tratatuko dituztela ziurtatzeko, torturaren eta tratu txarren kasuan, besteak beste.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa