Mundua
EKIALDE HURBILA
Hildako bat eta zortzi zauritu Iraken, Iranen aldeko milizien base militar batean izandako leherketan
Agentziak | EITB Media
Armadaren eta Poliziaren kuartel nagusiak eta Herri Jendetzaren miliziak hartzen dituen base bateratu bat da, Babel eskualdean, Irakeko hiriburutik 80 kilometro hego-ekialdera. Leherketaren arrazoiak ikertzen ari dira, eta AEBk ukatu egin du gertaerekin zerikusirik izan duela.
-
Base militarra, leherketaren ostean. EFE.
Pertsona bat hil da eta beste zortzi zauritu Irakeko base militar batean bart izan den leherketan. Ustez aire erasoa izan da, baina ez da halakorik baieztatu. Armadaren eta Poliziaren kuartel nagusiak eta Herri Jendetzaren miliziak hartzen dituen base bateratu bat da, Babel eskualdean, Irakeko hiriburutik 80 kilometro hego-ekialdera.
Irakeko Armadaren eta Poliziaren bozeramalea den Segurtasun Zelulak azaldu duenez, "hainbat sute eragin dituen leherketa 01:00ean gertatu da (11:00 GMT) Kalsuko basean, eta Herri Jendetzako kide bat hil da eta zortzi pertsona zauritu dira, Armadako kide bat tartean".
Horren arabera, Armadaren eta Poliziaren kuartel nagusiak eta Herri Jendetzaren miliziak hartzen dituen base bateratu bat da, Babel eskualdean, Irakeko hiriburutik 80 kilometro hego-ekialdera.
Adierazpen ofizialak ez du ez baieztatu ez gezurtatu leherketa izan ondoren segurtasun agintariek esandakoa, hau da, "jatorri ezezaguneko hegazkinek egindako erasoa" izan dela. Halaber, nabarmendu du leherketaren eta suteen zergatiak zehazteko espezializatutako batzorde teknikoa eratu dela.
AEBko Komando Zentralak (CENTCOM), bere aldetik, X sarean argitaratutako adierazpen batean esan duenez, AEBko indar armatuek "ez dute gaur Iraken aire-erasorik egin", eta Irakeko hedabide batzuek eraso estatubatuarra izan dela badiote ere, "ez da egia".
We are aware of reports claiming that the United States conducted airstrikes in Iraq today. Those reports are not true. The United States has not conducted air strikes in Iraq today.
— U.S. Central Command (@CENTCOM) April 20, 2024
Herri Jendetza miliziak, de facto Irakeko Armadan integratuak, Iranen aldeko xiien hainbat talde hartzen dituzte barne, eta askotan bere gain hartu dituzte Israelen kontra zein AEBko indarren Irakeko eta Siriako baseen kontra drone eta jaurtigaiekin egindako erasoak.
AEBk, bere aldetik, Jendetzaren parte diren Al Nujba eta Kataib Hizbula taldeen posizioei eta liderrei eraso die azken hilabeteetan.
Bi talde horiek terroristatzat ditu Washingtonek, eta Irakeko Erresistentzia Islamikoa deituriko Iranen aldeko milizia multzoaren parte dira. Irakeko Erresistentzia Islamikoak 160 eraso baino gehiago egin ditu Washingtonek Iraken eta Sirian dituen posizioen aurka, Israelek Gazan urriaren 7an erasoaldia abiatu zuenetik.
AEBren aliatua den baina Israelgo Estatua aitortzen ez duen Irakeko Gobernuak sarri salatu ditu estatubatuarrek euren lurraldean egindako erasoak, herrialdearen "burujabetzari kalte" egiten diotela argudiatuta.
Bagdadek ere negoziazioak hasi ditu AEBrekin, AEBk bere tropak Iraketik ateratzeko kronograma bat egin eta Estatu Islamikoaren (EI) aurkako nazioarteko koalizioaren misioari amaiera emateko, hamarkada bateko operazioen ondoren.