Mundua
Tabakoaren debekua
Erresuma Batuak 2009tik aurrera jaiotakoei tabakoa saltzea debekatuko duen lege-proiektua onartu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Lege-proiektua onartuta, Erresuma Batua kerik gabeko lehen belaunaldia sortzetik gertu dago.
-
Gizon bat zigarroa erretzen. Argazkia: EFE
Erresuma Batuak tabakoaren eta lurrungailuen lege-proiektuaren alde bozkatu du astearte honetan. Horren arabera, delitua izango da tabakoarekin lotutako produktuak saltzea 2009tik aurrera jaiotako edozein pertsonari. Beraz, gaur egun 15 urte dituzten gazteek ezingo dute tabakoa erosi. Legea 2025eko apirilean sartzea indarrean aurreikusten da, baina ez du eragotziko gaur egun legalki tabakoa eros dezaketenek etorkizunean ere egin ahal izatea.
"Lege-proiektu honen helburua ez da erretzen duten pertsonak kaltetzea, ezta tabakoa erostea eragoztea ere. Ez du inolako eraginik izango egungo erretzaileen eskubideetan, alderantziz, erretzeari utz diezaioten lagundu nahi diegu", adierazi du Victoria Atkin Estatuko Osasun eta Gizarte Arretako idazkariak.
Gaineratu duenez, "lege-proiektu honek etorkizunera begiratzen du, hurrengo belaunaldiari bizitza luzeagoak, osasuntsuagoak eta produktiboagoak emateko". Lege-proiektua onartuta, Erresuma Batua kerik gabeko lehen belaunaldia sortzetik gertu dago.
Lege-proiektu horren bidez, "kerik gabeko belaunaldi bat sortzen ari gara. Horrek aurten 15 urte edo gutxiago dituen inori tabakoa legez saltzea debekatuko du, tabakoa uzteko ondorengo lanetatik aldenduz, gure ekonomia produktiboagoa bihurtuz eta osasun-zerbitzu azkarragoa, sinpleagoa eta bidezkoagoa eskaintzea ahalbidetuz", gaineratu du.
Arau berriak betetzen direla bermatzeko, tabakoa edo lurrungailuak legez kanpo saltzen dituztenek isunak jasoko dituzte. Bildutako diru guztia legea aplikatzeko neurri berriak finantzatzeko erabiliko da.
Lege-proiektua bat dator lurrungailuen salmenta eta hornikuntza debekatzeko konpromisoarekin, indarrean dagoen ingurumen-legediaren arabera. Izan ere, lurrungailuek eragin nabarmena izan dute gazteen kontsumoaren hazkundean. Debekua 2025eko apiriletik aurrera sartzea indarrean aurreikusten da.