15:59

Mundua

EKIALDE HURBILA

Nazioarteak baretzeko deia egin die Israeli eta Irani, Ekialde Hurbilean indarkeria gogortu ez dadin

agentziak | eitb media

NBEk, AEBk, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak… bat egin dute Israeli erantzun militarrik ez emateko eskaerarekin. Iranek jada esan du bere aldetik ez duela eraso gehiago egingo.

  • Israelen aurkako kartela, Teheranen. Argazkia: EFE

    Israelen aurkako kartela, Teheranen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nazioarteko komunitateak baretzeko deia egin die Israeli eta Irani bi herrialdeen arteko gatazka ez dadin gogortu eta Ekialde Hurbil osora zabaldu, eta eskaera oso argia izan da mendebaldeko herrialdeen kasuan, Israeli begira.

Larunbatetik iganderako gauean Iraneko 300 bat drone eta misil jaurti zizkion Israeli, hark Damaskon Iranek duen ebaxada bonbardatu eta Guardia Iraultzaileko zazpi kide hil izanari erantzunez.

AEBk lasaitasunerako deia egin zion atzo Israeli Irani eman ziezaiokeen erantzunaren aurrean, Ekialde Hurbilean indarkeriaren gorakada galarazte aldera.

Gainera, Washingtonek Tel Avivi jakinarazi dio ez duela Iranen aurkako eraso militar batean parte hartuko orain, asteburuan, Erresuma Batuarekin eta Jordaniarekin batera, Teheranek jaurtitako misilak gelditzen aritu ostean.

Iranek amaitutzat jo ditu Israelek Damaskoko kontsulatuari egindako erasoaren aurrean hartutako errepresaliak

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak gogor gaitzetsi du Iranen erasoa, baina tentsioa baretzeko deia egin die bai Irani bai Benjamin Netanyahuren Gobernuari.

Bien bitartean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "neurriz kanpoko erasoa" egitea egotzi dio Irani, baina baretzeko esan dio Israeli. "Israelek egin dezake terrorismoaren aurkako borroka, baina demokrazia bat da, eta neurriz jokatu behar du", adierazi du presidente frantziarrak.

David Cameron Erresuma Batuko Atzerri ministroak Israelek Ekialde Hurbileko tentsioa ez areagotzeak duen garrantzia azpimarratu du. "Israelek herrialde burujabe gisa erantzuteko eskubide guztia du horrelako eraso bat jaso ostean. Baina indarkeriaren gorakada bat galarazteko premia dugu, eta gure lagun israeldarrei esaten diegu buruarekin pentsatu behar dela bihotzarekin adina", azaldu du Cameronek.

Mural contra Israel en Irán. Foto: EFE

Israelen aurkako horma irudia, Teheranen. Argazkia: EFE

Bestalde, herrialde arabiarrek, tartean Gazako gerra gelditzeko bitartekari lanak egiten ari diren Iranen bizilagunek, biderkatu egin dituzte elkarrizketak euren artean eta AEBrekin eta Teheranekin Ekialde Hurbileko indarkeriak kontrola galdu ez dezan.

Irakek, Saudi Arabiak eta Jordaniak, Egiptorekin eta Katarrekin batera, harreman diplomatikoak izan dituzte bart helburu horrekin, iturri ofizialetatik zabaldu dutenez.

"Beharrezkoa da elkarrekin jardutea tentsioa baretzeko eta gatazkak bide baketsuekin konpontzeko", adierazi dio Mohamed bin Abdelrahman Katarreko Atzerri ministroak Hosein Amir Abdolahian Irango ministroari.

Katar AEBren kide estrategikoa da inguru horretan, eta Irandik gertuen dagoena Persiako Golkoan, eta Dohan Hamasen bulego bat duenez, ez du Israelekin harremana normaltzeko ahaleginik egin.

Iranek Israelen aurka egindako erasoa gaitzetsi dute G7ak eta Europar Batasunak

Najib Mikati Libanoko lehen ministroak, berriz, gogor jo du Israelen aurka, bera egiten baitu Ekialde Hurbila gerrara eraman dezakeen une honen arduradun. Gainera, Libano barruan erasorik ez egiteko eskatu dio.

"Israel gerrara eramaten ari da eskualdea, eta nazioarteko komunitateak arreta jarri eta gerra eten behar du", adierazi du agintariak Gobernu Kontseiluan.

Iraníes celebran el ataque contra Israel. Foto: EFE

Irandarrak Israelen aurkako erasoa ospatzen. Argazkia: EFE

Errusia, Txina eta NBE

Errusiatik, bide diplomatikoak bakarrik erabiltzeko eskatu diete Irani eta Israeli. "Desadostasun guztiak bide politiko eta diplomatikoetatik soilik konpontzearen alde egiten dugu", adierazi du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak.

Txinak ere lasaitasunerako deia egin die alderdi guztiei, eta Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen (NBE) idazkari nagusiak gaitzetsi egin ditu Iranek Israelen aurka jaurtitako misilak, eta Israelek Damaskoko Irango kontsulatuaren kontra egindako erasoa. Bi herrialdeei "pauso bat atzera egiteko" eskatu die, "munduak ezin du-eta beste gerra bat izan". 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena