Itxi

Mundua

Frantzia

Frantzia "B eta C planak" prestatzen ari da Olinpiar Jokoak inauguratzeko, alerta terroristaren kasuan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Macronek ordezko planak iragarri ditu eta Trocadero plazaren inguruko eremura soilik mugatutako zeremonia bat proposatu du, Eiffel dorrearen ondoan, baita formatu tradizional batera itzultzea eta Frantziako Estadioan ekitaldi guztiak egitea ere.

  • Emmanuel Macron

    Emmanuel Macron. Argazkia: EFE

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak astelehen honetan aitortu duenez, ordezko planak prestatzen ari dira Parisko Joko Olinpikoen inauguraziorako, eraso terrorista bat gertatzeko arrisku handia legokeen kasuan eta Senan antolatzea segurua ez bada.

Lehen aldiz, antolakuntzak zeremonia sinboliko hori estadio batetik ateratzea aurreikusten du, hiriaren erdigunean bertan egiteko. Uztailaren 26an ibai-desfile bat egingo da, mota guztietako kirolez jositako asteei hasiera emango diena. Hala ere, Frantzia terrorismoaren aurkako alerta gorenean dago martxotik, Mosku kanpoaldeko auditorium batean izandako atentatu jihadistaren ondorioz.

"B planak eta C planak daude", adierazi du Macronek BFM TV eta RMC telebista kateei egindako elkarrizketa batean. Bertan, Trocadero plazaren inguruko eremura soilik mugatutako zeremonia bat planteatu du, Eiffel dorrearen ondoan, baita formatu tradizional batera itzultzea ere, ekitaldi guztiak Frantziako Estadioan egiten.

Hala ere, Senan prestatzeko lan guztiak egiteak "merezi duela" azpimarratu du, eta Frantziako agintariak lanean ari direla Olinpiar Jokoen inguruko ekitaldi guztiak seguruak izan daitezen. Azaldu duenez, azterketa "denbora errealean" egiten ari dira.