Mundua
Ekialde Hurbila
Agentziak | EITB Media
Iranek Israelen kontra jaurtitako misilen ondotik bilera deitu dute NBEren Segurtasun Kontseiluan. Iranen arabera, "autodefentsarako duen eskubidearen baitan dago erasoa". Israelek, bestalde, beste erasorik jasotzen badu erantzun egingo duela nabarmendu du.
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen (NBE) idazkari nagusiak gaitzetsi egin ditu Iranek Israelen aurka jaurtitako misilak, eta Israelek Damaskoko Irango kontsulatuaren kontra egindako erasoa. Bi herrialdeei "pauso bat atzera egiteko" eskatu die, "munduak ezin du-eta beste gerra bat izan".
"Pauso bat atzera egiteko garaia da. Ezinbestekoa da Ekialde Hurbilean konfrontazio militar handi bat ekarriko duen edozein ekintza saihestea", adierazi du Guterresek NBEren Segurtasun Kontseiluan egindako hitzartean.
Gogorarazi duenez, 1970.eko Adiskidantzazko Harremanen Adierazpenak "errepresalia ekintzetan indarkeria erabiltzea debekatzen du". Adierazpena deskolonizazio garaian autodeterminazio eskubidearen ingurukoa da berez, baina testuan jasotzen denez, "Estatu guztiek saihestu behar dute beste estatu baten lurralde batasunaren edo independentzia politikoaren kontra indarkeria erabiltzeko mehatxua".
Ekialde Hurbilean gatazka are gehiago zabaltzea saihestu behar dela uste du Guterresek. Ildo horretan, Gazako Zerrendan su-etena ezarri behar dela aldarrikatu du, "zibilak dira garestien ordaintzen dutenak", arrazoitu du. Halaber, Hamasek bahitutako pertsona guztiak "berehala askatzeko" eskatu du. Zisjordanian borrokak amaitzeko "partekatutako erantzukizuna" badela azpimarratu du, eta Israel eta Libano arteko mugan tentsioa jaisteko deia egin du.
"Bakearen alde lan egiteko erantzukizuna dugu (...). Eskualdeak eta munduak ezin dute beste gerra bat izan", nabarmendu du Guterresek.
Iranek Damaskon (Siria) duen kontsulatuaren kontrako egindako erasoaren erantzunda, Teheranek Israelen kontra jaurtitako "200 proiektil baino gehiago"ren ostetik NBEren Segurtasun Kontseiluak bilera egin du bart, Tel Avivek eskatuta. Israelgo erasoaren ondorioz 16 pertsona hil ziren, Irango Guardia Iraultzailearen hainbat buruzagi tartean. Irango erasoan, baina, ez da hildakorik izan.
Amir Saed Iravani Iranek NBEn duen ordezkariak eta Ousay al Dahhak Siriako homologoak misilen jaurtiketa defendatu dute. "Autodefentsarako dugun eskubidearen baitan egin dugu operazioa. Ekintza beharrezkoa eta neurtua izan da. Zehatza izan da, eta helburu militarrak bakarrik izan ditu. Zibilei kalte egitea saihestu dugu", azaldu du.
Israelek Damaskon egindako eraso gaitzetsi zuten herrialdeei eskerrak eman dizkie Irango diplomazialariak, eta AEBk, Frantziak eta Erresuma Batuak "ezikusiarena egitea" salatu. "Jarrera hipokrita izan dute, Iran egin dute gertatutakoaren erantzule, alferrik erabili dituzte gezurrak eta manipulazioa. Gainera, nazioarteko zuzenbidean jasotako printzipio baten urraketa bati erantzuteko Iranek duen eskubidea ahaztu dute", kritikatu du.
Iravaniren esanetan, Teheranek ez du nahi eraso gehiago edo gerra egotea, baina ohartarazi du Israelen edozein oldarraldiri erantzungo diola, "beharrezkoa denean".
Al Dahhak NBEn Siriak duen ordezkariak babesa adierazi dio Irani, jaurtitako misilak "autodefentsarako eskubide legitimoaren parte" direlakoan. Era berean, kontsulatuaren kontrako erasoa gaitzesteko AEBk, Frantziak eta Erresuma Batuak ezarritako betoa salatu du.
Azkenik, Gilad Erdan NBEn Israelek duen enbaxadoreak esan du herrialdeak baduela erantzuteko eskubidea: "Lerro gorri guztiak gainditu ditu eraso honek, Israelek erantzuteko eskubidea du. Ez gara irakiten dagoen uretan dagoen igela. Lehoien nazioa gara".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa