Itxi

Mundua

Ekialde Hurbila

AEBren ustez, Iranek une batetik bestera egingo dio eraso Israeli

AGENTZIAK | EITB Media

"The Wall Street Journal" egunkariaren arabera, baliteke Teheranek gaur bertan egitea erasoa. Bidenek Israel babestuko dutela ohartarazi du. Herbehereetako Gobernuak Irango eta Irakeko enbaxadak itxiko ditu, eta Alemaniako eta Austriako gobernuek Irandik joateko eskatu diete euren herritarrei.

  • Israelek Damaskon egindako erasoa. EFE

    Israelek Damaskon egindako erasoa. EFE

Iranek gaur edo bihar egingo dio eraso Israeli, herrialdearen iparraldean edo hegoaldean, The Wall Street Journal egunkari estatubatuarraren arabera.

Etxe Zuriak sinesgarritasuna eman dio balizko eraso horri. Are gehiago, herrialde horretako inteligentzia zerbitzuek uste dute erasoa Israelen mugen barruan gertatuko dela. Astea hasi zenean, erasoa posible ikusten zuten agintari estatubatuarrek, baina beste herrialde batzuetan dauden helburu israeldarren aurka egingo zutela uste zuten.

Dena dela, aipatutako hedabideak informazioarekin bat ez datorren beste iturri bat ere aipatu du, eta horren arabera, Iranek ez du oraindik erabakita Israelen aurkako erasoa abiatzea.

Balizko eraso horren aurrean, Etxe Zuriak esan du "sinesgarriak" iruditzen zaizkiela Iranen mehatxuak, eta laguntza emango diola Israelgo Gobernuari, defendatzeko.

Joan den astean, Israelgo Armadak Iranek Damaskon (Siria) duen kontsulatuari eraso zion, eta Guardia Iraultzailearen zazpi kide hil zituen.

Bidenen abisua

Joe Biden AEBko presidenteak uste du Iranek "berandu baino lehen" egingo diola eraso Israeli Damaskoko kontsulatuaren aurkako bonbardaketari erantzuteko.

Bidenek, baina, halakorik ez egiteko eskatu dio, eta ohartarazi dio AEB Israel defendatzeko lanean ari dela, eta babes osoa emango diela Israelgo agintariei Irango Islamiar Errepublikaren aurka gatazka armatu bat abiatzen badute.

"Israel babesten dugu, Israel babestuko dugu, eta Iranek ez du irabaziko", adierazi du Bidenek Iranen balizko erasoaren aurrean. "Ez dut sekretupeko informazioaz hitz egin nahi, baina berandu baino lehen gertatuko dela aurreikusten dut", adierazi du.

Herbehereek, Austriak eta Alemaniak neurriak hartu dituzte

Hori dela eta, Herbehereetako Gobernuak Teherango eta Arbilgo (Irakeko Kurdistan) enbaxadak itxiko ditu igande honetan.

Alemaniako Gobernuak, berriz, Irandik alde egiteko eta Israelera ez joateko eskatu die alemaniarrei.

Austriak, bere aldetik, Irandik ateratzeko aholkatu die bere herritarrei.