Mundua
Klima aldaketa
Klima aldaketaren aurka neurriak ez hartzeak giza eskubideak urratzen ditu, Estrasburgoko Auzitegiaren arabera
Agentziak | EiTB Media
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak aintzat hartu du Suitzako adineko emakume talde batek jarritako salaketa eta Suitzako Gobernua zigortu du. Aitzitik, Estrasburgoko Auzitegiak ez du onartu Portugalgo gazte batzuek jarritakoa, herrialdeko auzitegietako bidea amaitu behar zutelako.
-
Gaia auzitegietara eraman zuten Suitzako emakume aktibistak. Argazkia: EFE
Klima aldaketaren aurka neurriak ez hartzeak giza eskubideak urratzen dituela ebatzi du Estrasburgon egoitza duen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Zehazki, Suitzako Gobernuak klima aldaketaren ondorioak arintzeko neurriak hartu ez izanak bertako biztanleen giza eskubideen aurka egiten duela adierazi du.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Suitzako adineko emakume talde batek herrialdeko gobernuaren aurka jarritako salaketaren alde egin du, askok historikotzat jo duten epai batean.
Síofra O'Leary Europako Giza Eskubideen Auzitegiko presidenteak azaldu duenez, Suitzako Gobernuak salaketa aurkeztu duen Verein KlimaSeniorinnen elkarteko kide diren emakume horien giza eskubideak urratu ditu, klima aldaketaren aurka ustez daraman estrategiak "hutsune kritikoak" dituelako.
Gauzak horrela, auzitegiko epaileek ebatzi dute Suitzak ez dituela nahikoa neurri hartu klima aldaketak adineko emakume horiengan (erdiek baino gehiagok 75 urte baino gehiago dituzte), eta, oro har, biztanleria osoarengan dituen kalteak arintzeko.
Horrez gain, epaileek ondorioztatu dute Suitzak ez duela behar beste egin negutegi efektuko gasak murrizteko ezarritako helburuak betetzeko.
Are gehiago, iraganean ere karbono emisioak mugatzeko helburuak ez dituela bete nabarmendu dute.
Suitzako Gobernuaren aurka salaketa jarri duen emakume taldea. Argazkia: EFE
Aitzitik, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du onartu sei gazte portugaldarrek, arrazoi beragatik, Portugalen eta Europako beste 31 estaturen kontra jarritako salaketa. Kasu horretan, auzitegiak ebatzi du Estrasburgora jo aurretik, lehenik, herrialdeko auzitegietako bidea amaitu behar zutela.
Hortaz, epaileek ez dute auziaren mamia aztertu.
Gazteek argudiatu zuten klima larrialdiak arau juridiko horretatik salbuesten zituela, baina auzitegiak ez du tesi hori onartu.
Suitzako adineko emakumeen eta Portugalgo sei gazteren salaketaz gain, bada klima aldaketari lotutako hirugarren salaketa bat, hain zuzen ere, Frantziako Gobernuaren aurka jarritakoa.