22:02

Mundua

EKIALDE HURBILA

Israelek Irango kontsulatua bonbardatu du Damaskon eta Irango Guardia Iraultzailearen bi general hil ditu

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Erasoak gutxienez zortzi hildako utzi ditu eta kalte handiak eragin ditu eraikinean. Urtea hasi zenetik 30 eraso egin ditu jada Israelek Sirian. "Erantzun gogorra" iragarri du Iranek.

0:44
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gutxienez zortzi pertsona hil dira Siriako hiriburuan, Damaskon, Israelek Irango kontsulatua bonbardatu ondoren, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak zabaldutako informazioaren arabera. Horietako bi Mohammad Reza Zahedi eta Mohamed Hadi Haj Rahimi  Irango Guardia Iraultzailearen brigada-ganeralak ziren, guardiatik bertatik baieztatu dutenez.

Siriako Giza Eskubideen Behatokiak azaldu duenez, "misil israeldarrek Irango enbaxadaren ondoko eraikin bat suntsitu dute" Damaskon eta biktima ugari eragin. Bi generalez gain, guardiako bost kide eta Irango bi aholkulari hil dira, lehen balantzean.

SANA Irango albiste-agentziak ere Israeli egotzi dio bonbardaketa eta erasoak kalte handiak eragin dituela ere jakinarazi du. Iranek Sirian duen enbaxadore Hossein Akbari eta bere familia onik atera dira erasotik eta telebistari emandako adierazpetan esan duenez, hondakinen artean jende gehiago egon daiteke.

Iranek "erantzun gogorra" agindu du

Diplomatikoa kontsuletxearen aurkako erasoaren lekuko izan da Irango enbaxadako leihotik eta erasoa F-35 ehiza-hegazkinekin egin dutela azaldu du.

Akbarik aurreratu du Teheranek "gogor" erantzungo diola Israeli. "Erregimen sionistak nazioarteko lege guztien aurka egiten du, eta, beraz, gure aldetik erantzun gogorra jasoko du", esan du Irango telebistan.

Erreskate taldeak lanean Damaskon. Argazkia: EFE

Erreskate taldeak lanean Damaskon. Argazkia: EFE

Siriak babesa helarazi dio Irani, eta Israelek ezingo dituela euren harremanak baldintzatu esan du

Siriako Atzerri ministro Faisal al Miqdadek bere herrialdearen babesa adierazi dio Irani, Damaskoko kontsuletxearen aurkako erasoaren ostean. Siriako diplomaziaren buruak telefonoz deitu dio Hossein Amir Abdollahian Irango homologoari eta gogor gaitzetsi du "Israelen eraso faxista"

Al Mikadek esan du gaurko erasoa Israel Gazako Zerrendan herri palestinarraren aurka egiten ari den gerraren "porrot miserablearen" ondorio dela, eta berretsi du estatu juduak ezingo dituela "baldintzatu Iranen eta Siriaren arteko harremanak".

Ildo berean, Abdolahianek adierazi du kontsulatuaren aurkako erasoa "nazioarteko betebehar eta konbentzio guztien urraketa" dela, eta izango diren ondorioen errua erregimen sionistak izango duela adierazi du.

"Eraso hauen aurrean, nazioarteko komunitateak erantzun serio bat emateko betebeharra du", esan du Abdolahianek eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "oreka mentala erabat galduta" duela salatu du Irango diplomatikoak.

AEBk dio erasoari buruzko informazioa biltzen ari dela

Estatu Batuetako Administrazioak jakinarazi duenez, Iranek Siriako hiriburuan duen kontsulatuari egindako erasoari buruzko informazio gehiago biltzen ari da jarrera ofiziala adierazi aurretik, eta kezka agertu du eskualdean gatazka are gehiago gaiztotu daitkeelako.

Matthew Miller Estatu Departamentuko bozeramaileak esan duenez, Joe Bidenen Gobernua "inguru hartako kideekin hitz egiten ari da gertatutakoaren inguruko informazioa biltzeko", baina oraindik ezin izan omen dute erasoaren erantzukizuna baieztatu.

Israelen erasoak Sirian

Jakina da, dena dena, Israelek 30 eraso egin dituela aurten Sirian, 22 aire bidez eta zortzi lurretik, munizio eta armamentu biltegien, ibilgailuen eta egoitza ofizialen aurka, batez ere.

Eraso horietan 115 borrokalari hil eta 47 zauritu dituzte, gobernuz kanpoko erakundearen balantzearen arabera. Gainera, Libanoko Hezbola miliziaren 19 kide hil dituzte, Irango Guardia Iraultzailearen 13, 12 irakiar, Iranen aldeko 23 miliziano siriar, Iranen aldeko 10 miliziano ez siriar eta Siriako segurtasun indarretako 38 kide. Gainera, 12 zibil ere hil dituzte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena