10:46

Mundua

GAZA, ERASOPEAN

Israelgo Armadak Gazako Al Shifa ospitalea utzi du, bi asteko setioaren ostean

agentziak | eitb media

Israelek dio 200 miliziano hil eta Hamaseko eta Jihad Islamikoko 500 kide identifikatu dituztela, baina Gazako Osasun Ministeriaok 400 hildakoren berri eman du.

1:33
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelgo Armadak Gazako Al Shifa ospitalea utzi du gaur goizaldean, bi astez Zerrendako ospitale handiena setiatuta eduki ostean, Gaza hiriko iturri palestinarretatik jakitera eman dutenez.

Israelgo tropen operazioa martxoaren 18an hasi zen, eta diote 200 miliziano hil eta Hamaseko eta Jihad Islamikoko 500 kide identifikatu dituztela, 800 bat susmagarri galdekatu ostean.

"Israelgo indarrek Al Shifa ospitalearen inguruko ekintza zehatzen jarduera amaitu dute eta ospitalearen ingurua utzi dute", baieztatu du ordu batzuk geroago Armadak.

"Tropek terroristak hil dituzte aurrez aurreko borroketan, eta armak eta inteligentzia txostenak aurkitu dituzte ospitalearen barruan", zehaztu du.

Israelentzat urriaren 7tik egin duen operazio "arrakastatsuenetako bat" izan da Al Shifan egindakoa, atxilotu edo hil dituzten ustezko "terrorista" kopuruagatik, eta Zerrendako milizianoak berriro elkartzea galarazi dutelakoan.

Palestinako iturriek azaldu dutenez, aireko eta frankotiratzaileen erasoen erdian utzi dute ospitalea Israelgo indarrek, eta erabat suntsituta geratu dira inguruko eraikinak ere, su eman baitzieten Israelgo Armadaren operazioaren baitan.

Israelek Gazako Zerrendan hein batean martxan zegoen ospitale apurretako baten aurka egiten duen laugarren erasoa da, ustez inteligentzia zerbitzuak bertan milizianoak zeudela jakinarazi ostean.

Dena dela, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du ospitalearen aurkako oldarraldiak gutxienez 400 hildako utzi dituela.

107 gaixo, gehienak egoera kritikoan, eta 60 osasun langile ospitalearen beste eraikin batera eraman zituzten setioa hasi zenean, baina beharrezko baliabiderik gabe.

"Armada goseak hiltzen ari da gaixoak eta osasun langileak, hainbat egunez elikagairik eta urik eman gabe", salatu zuten ospitaleko medikuek, gaixoekin zeuden pertsona asko "hil, atxilotu edo hegoaldera kanporatu" dituztela jakinarazi aurretik.

Euro-Mediterranean Human Rights Monitor Gobernuz Kanpoko Erakundeak nazioarteko ikerketa "zehatz eta inpartziala" eskatu du setioaren inguruan, Al Shifaren inguruko etxebizitzetan soldadu juduek arpilatzeak egin dituztela jakin baitute bertako lekukoen eskutik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena