Itxi

Mundua

Biografia

Frantzisko, Eliza eraldatu nahi izan zuen aita santu apala

EITB MEDIA

Hasieratik kutsu pertsonala eman zion Elizari, eta berriztatzeko ahaleginean askoren miresmena bereganatu zuen, baita hainbat elizgizonen mesfidantza ere.

1:28
Frantzisko aita santua. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia.

Jorge Mario Bergoglio, Eliza Katolikoaren 266. aita santua, latinoamerikar jatorriko lehena, eta aita santu egin duten jesuita bakarra, gaur hil da, 2025eko apirilaren 21ean.

2013ko martxoaren 13an izendatu zuten aita santu, Benedikto XVI.aren lekua hartuta. Frantzisko izena aukeratu zuen bere ibilbide berrirako, Asisko santuaren ohorez ("pobreziaren eta bakearen gizona", bere hitzetan). "Eliza txiro bat nahiko nuke, txiroentzako dena", esan zuen konklabea bukatu eta hiru egunera.

Hasieratik, kutsu pertsonala eman zion Elizari, eta berriztatzeko ahaleginean askoren miresmena bereganatu zuen, baita hainbat elizgizonen mesfidantza ere.

Buenos Airesko Flores auzoan jaio zen, 1936ko abenduaren 17an, familia katoliko batean. Bost anairen artean zaharrena zenak kimikari gisa jardun zuen Jesusen Konpainian sartu aurretik.

Bizimodu apalagatik nabarmendu dute, Vatikanoko Jauregi Apostolikoa aukeratu beharrean Andre Maria egoitzan bizitzea erabaki izana, besteak beste. 

Aita santu karguan urtebete zeramala, 2014an, Bakearen Nobel sarirako izendatu zuten, baina Kailash Satyarthi eta Malala Yousafzai saritu zituzten.

Bronkitisak jota ospitaleratu zuten

Iragan otsailaren 14an bere agenda bertan behera utzi zuen, bronkitis batek jota ospitaleratu zutelako.

Dena den, aste batzuk ospitalean eman ostean, agerraldi apur batzuk egin izan ditu.

Neurriak

Sexu-abusuen biktima adingabeak babesteko eta apaiz pedofiloak "zigortzeko" batzorde berezi bat sortu zuen, baita gai ekonomikoetarako hiru batzorde ere. Abusuen aurrean jarrera irmoa erakutsi nahian, Frantzisko aita santuak pederastiaren kontrako goi bilera deitu zuen 2019ko otsailean. 

Bidaiak

11 urtean 59 herrialde bisitatu zituen, gutxiengo katolikoa duten asko, tartean; Egipto eta Arabiar Emirerri Batuak, kasu. Vatikanotik urruti bidaiatu zuen, Myanmarrera eta Bangladeshera, adibidez.

2021eko martxoan Irakera egindako bidaiagatik gogoratuko dute askok: Mosulgo hiriaren hondarretan, Al-Nuri meskitatik metro gutxira, otoitz egin zuen, eta une hori islatu zuen irudia munduko bazter guztietara zabaldu zen. 

Era berean, gogoangarriak dira nazioarteko gatazketan bitartekari izateko egindako saiakerak. 2019ko apirilaren 12an, belauniko jarrita, gerran ari ziren Sudan Hegoaldeko buruzagien oinak musukatu zituen, Afrikako herrialde horretan bake prozesuari hauspotzeko asmoarekin.

Errusiak Ukraina inbaditu zuenean, bestalde, enbaxada bisitatu zuen gudak beragan piztutako kezka agertzeko. Aurrekaririk gabeko keinutzat jo zuten aipatutakoa. Gainera, Volodimir Zelenski ukrainako presidenteari hots egin zion bere "nahigabea" adierazteko. Bien bitartean, bitartekari lanetarako bide bat bilatu nahian zebilen Vatikanoa.

logo eitb nahieran
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN