Mundua
Teknologia
Apple, Alphabet eta Meta konpainiek monopolioaren aurkako legea betetzen duten ikertuko du Europako Batzordeak
Agentziak | EITB Media
Ikerketa urtebeteren buruan amaitu nahi du, eta susmoak betez gero, fakturazioaren % 10 edo % 20ko isunak jar diezaieke.
-
Telefono pantaila bat, hainbat aplikaziorekin. Egile eskubiderik gabeko irudia
Europako Batzordeak ikerketa abiatu du Apple, Alphabet (Googleren enpresa nagusia) eta Meta (Facebook, Instagram eta WhatsApp) teknologia konpainia handien aurka, EBren monopolioaren aurkako legea betetzen ez dutelakoan. Hain zuzen ere, horiek merkatuan duten indarra kontrolatzea da araudi berri horren helburua.
Zehazki, Europako Batzordeak uste du Applek eta Alphabetek ez dutela neurri eraginkorrik hartu aplikazioak garatzen dituztenek beren bezeroekin modu librean komunikatzeko aukera izan dezaten, beti ere aplikazioak erosteko bi horien dendak (Apple Store eta Google Play) erabili gabe eta ordaindu behar izan gabe.
Halaber, Alphabetek Googlek dituen bilaketa zerbitzuei lehentasuna ematen jarraitzen duela iritzi dio Europako Batzordeak, lehiakideen aurretik. Horren adibide jarri ditu 'Google Shopping', 'Google Flights' edo 'Google Hotels'.
Bestalde, Europako Batzordeak argitu nahi du Applek araudia betetzeko egindako aldaketen ondoren erabiltzaileek aukera izango ote duten modu erraz batean lehenetsitako aplikazioak gailutik kentzeko, Safari nabigatzailea, esaterako.
Metari dagokionez, taldeko enpresen artean (Facebook, Instagram, WhatsApp) datu pertsonalak partekatzea nahi ez duten bezeroei pribatutasuna bermatzeko aukerarik eskaini dien egiaztatu nahi du.
Ikerketa urtebeteren buruan amaitu nahi du, eta susmoak betez gero, fakturazioaren % 10 edo % 20eko isunak jar diezaieke Europako Batzordeak aipaturiko hiru teknologia konpainia handi horiei.