17:13

Mundua

Errusia

137ra igo da Moskuko atentatu terroristan hildakoen kopurua

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Erasoa ikertzen ari den agentziaren arabera, miaketan ez dute lehergailu tranparik edo antzekorik zeukan gorpurik aurkitu. 152 lagun zauritu ziren, gainera, atentatuan eta horietatik 105 ospitalean daude oraindik.

0:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Errusiako Ikerketa Batzordeak jakinarazi du 137 direla jada Moskuko Crocus City Hall aretoan ostiralean izandako atentatuan hildakoak, igande honetan argitaratutako azken balantzearen arabera. Larrialdi zerbitzuetako langileak hondakinetatik gorpuak ateratzen doazen heinean gora egiten ari da hildakoen kopurua.

"Guztira, 137 dira orain arte zenbatutako biktimak. Gaur arte, 62 hilotz identifikatu ditugu", esan du, Telegram bidez, batzorde horrek.

Bestalde, horren arabera, miaketan ez dute lehergailu tranparik edo antzekorik zuen gorpurik aurkitu; bai, ordea, Saiga karabina bi, 500 kartutxo eta 28 kargagailu, erasotzaileek alde egin aurretik bertan utzitakoak.

Zaurituak hizpide, Errusiako Larrialdi Egoeretako Ministerioak argitu du 152 direla, orotara; horietatik 105 ospitalean daude oraindik, eta 32 anbulatorioetan ari dira artatzen. Zauritutako 40 laguni premiazko ebakuntza egin zieten ostiraletik larunbaterako gauean.

Dolu eguna

Dolu eguna dute gaur, igandearekin, Errusian. Herrialde horretako erakunde guztiek eta atzerriko misio diplomatikoek banderak haga erdian jarri dituzte, moskutarrek erasoa gertatu zen aretoko inguruak lorez bete dituzte, eta erreskate taldeak hondakin artean dabiltza oraindik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena