21:55

Mundua

KRISIA KUBAN

Itzalaldien inguruko manifestazio jendetsuek aurrez aurre jarri dituzte berriz Kuba eta AEBak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Miguel Diaz-Canel presidenteak Ameriketako Estatu Batuei eta uhartearen aurkako zigorrei leporatu die egungo krisiaren ardura eta Floridako politikariak eta ekintzaileak "kaleak berotzen" ari direla salatu du.

  • Miamin bizi diren kubatarren protesta. Argazkia: EFE

    Miamin bizi diren kubatarren protesta. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Milaka pertsona irten ziren atzo kalera Kubako hainbat hiritan, Miguel Diaz-Canelen Gobernuaren aurka protesta egitera, itzalaldi elektrikoen eta oinarrizko elikagaien banaketaren atzerapenen ostean. "Argindarra eta janaria" eskatu zituzten manifestariek eta gosea pasatzen ari zirela salatu zuten.

Diaz-Canelek sare sozialetan idatzi zuenez onartzen zuen hainbat pertsonak adierazi dutela "ez daudela ados zerbitzu elektrikoaren egoerarekin eta elikagaien banaketarekin", baina testuinguru hori "iraultzaren etsaiek aprobetxatu" egin nahi dutela salatu zuen, "herria ezegonkortzeko helburuarekin".

Astelehen honetan, AEBei eta uhartearen aurkako zigorrei leporatu die berriro, egungo krisiaren ardura, eta Floridako politikariei eta ekintzaileei "kaleak berotzen" aritzea egotzi die.

Hain zuzen ere, Rosa Maria Paya Oswaldo Paya Kubako oposizioko buruzagi zenaren alabak, Joe Biden AEBko presidenteari eta nazioarteko komunitateari "kubatar herriaren errepresiogileen konplize" izateari uzteko eta "Kubako boterean dauden jeneralen gaineko presioa handitzeko" eskatu die Miamitik.

AEBko Gobernuak ere hitz egin du eta "Estatu Batuek Kubako herriak modu baketsuan biltzeko duen eskubidea erabat babesten" duela adierazi du sare sozialetan Brian Nichols Latinoamerikarako Estatu Departamentuko arduradunak.

Nicholsek gaineratu duenez, "Kubako Gobernuak ezin izango ditu bere herriaren beharrak ase demokrazia eta zuzenbide estatua onartu eta herritarren eskubideak errespetatu arte".

Kubako Gobernuak, bere aldetik, Benjamin Ziff AEBk Habanan duen Negozioen arduraduna deitu du astelehen honetan, Washingtonen "esku-hartzaileagatik" protesta egiteko.

Izan ere, Gobernuak gogor gaitzetsi du AEBk uhartean duen enbaxadak sare sozialetan argitaratutako mezua, non Kubako Gobernuari "manifestarien giza eskubideak errespetatzeko eta Kubako herriaren legezko beharrei erantzuteko" eskatzen zien.

Hiru urte gogor

Kubak hiru urte baino gehiago daramatza krisi ekonomiko larri batean murgilduta, oinarrizko produktuen eskasiarekin, inflazio handiarekin, eguneroko itzalaldi luzeekin eta dolarizazio gero eta handiagoarekin. Inoizko migrazio olde handiena eragin du egoerak.

Itzalaldiak larriagotu egin dira azken bi hilabeteetan, Sobietar Batasunaren garaiko zentral zaharkituetan gertatzen ari diren matxurengatik eta erregai faltagatik. % 45erainoko mozketa elektrikoak izan dira eskari handieneko uneetan eta etenaldi horiek egunean 10 ordu baino gehiagokoak dira herrialdeko probintzia askotan.

Covid-19aren pandemiak eta AEBetako zigorren gogortzeak berez jada oso kolpatuta zegoen ekonomia errematatu dute. Izan ere, hamarkada luzeak daramatzate kubatarrek AEBen blokeo ekonomikoa jasaten.

Iazko azaroan, NBEko Batzar Nagusiak 31. urtez jarraian gaitzetsi zuen AEBk Kubari ezarritako blokeoa. Ebazpena kideen gehiengo zabalarekin onartu zen. AEB eta Israelek kontra bozkatu zuten eta Ukraina abstenitu egin zen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena