19:24

Mundua

Bilera

Netanyahuk nazioarteko erreguei entzungor eginez esan duenez, Israelek eraso egingo dio Rafahri

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Alemaniako kantzilerrarekin izan duen bileraren ostean adierazi du Rafahko zibilak ez direla han harrapatuta geratuko erasoaldia hasten denean. Scholzen ustez, "ezin gara besoak antxumatuta geratu, palestinarrak gosez hiltzen diren bitartean".

  • Olaf Scholz eta Benjamin Netanyahu

    Olaf Scholz eta Benjamin Netanyahu. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ez du Hamasen aurkako erasoaldia eteteko asmorik, nahiz eta gaur, igandea, balizko su-eten baten gaineko negoziazioei ekin dieten berriro Qatarren.

Netanyahuren hitzetan, Rafahri eraso egingo dio Israelek, hau da, gazatarrek duten leku seguruena suntsitzeko asmoz jarraitzen du, gerra hasi zenetik bost hilabete igaro direnean, eta zibilen aurkako erasoak gelditzeko nazioartetik jasotako presioa gorabehera.

Jerusalemen Olaf Scholz kantziler alemanarekin bildu ostean erantsi du erasoaldia hasten denean Rafahko zibilak ez direla han harrapatuta geratuko.

Esan bezala, Israelen aliatuak erreguka ditu Rafahri eraso ez egitea eskatuz. Gazako hainbat lekutatik babes bila iritsitako milioi bat erbesteratu bizi dira bertan. Presio horren aurrean, baina, Israelgo lehen ministroak, iazko urriaren 7an Hamasek egindako erasoak gogora ekarrita, nazioarteak duen "oroimen falta" kritikatu du.

Scholz: "Ezin gara besoak antxumatuta geratu, palestinarrak gosez hiltzen diren bitartean"

Bestalde, Alemaniako kantziler Olaf Scholzek Gazara laguntza gehiago bidaltzeko beharraz jardun du, eta Zerrendan hil dituzten milaka zibilei buruz galdetu dio Netanyahuri.

"Ezin gara besoak antxumatuta geratu, palestinarrak gosez hiltzen diren bitartean, hori ez da guk zabaldu nahi dugun mezua", esan du. Rafahri eraso egitearen aurka ere agertu da Scholz.

Bukatzeko, Scholzek Netanyahuri galdegin dio malguagoa izan dadila oraindik ere Hamasen esku dauden 134 bahituak askatzeko negoziazioetan, eta ulerkor azaldu da horien senitartekoekin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena