12:42

Mundua

GAZA, ERASOPEAN

NBEk ez du bat egiten Gazako itsas korridorearekin eta AEBk iragarritako behin-behineko portuarekin

agentziak | eitb media

"Ezerk ezin du ordezkatu eskala handiko laguntza lurretik banatzea", NBEren ustez. Israelek murriztu egin du laguntzaren sarbidea Nazioarteko Justizia Auzitegiak kontrakoa egitea eskatu zionetik.

  • NBEren kamioia giza laguntzarekin. Argazkia: EFE

    NBEren kamioia giza laguntzarekin. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nazio Batuen Erakundeak ez du bat egin asteburu honetan AEBk eta Europar Batasunak Gazara laguntza bidaltzeko irekiko duten itsas korridorearekin, eta argi adierazi du ezerk ezin duela ordezkatu eskala handiko laguntza lurretik banatzea.

"Noski, poztu egiten gaitu laguntza beste bide batzuetatik iristeak, baina ezerk ezin du ordezkatu eskala handiko laguntza lurretik banatzea", azaldu du Stephane Dujarric NBEren idazkari nagusiaren bozeramaileak prentsaurrean.

Dujarricek argitu duenez, gainera, NBEk ez du parte hartuko AEBk iragarri duten behin-behineko portua eraikitzeko lanetan. Hain zuzen ere, Zipretik iritsiko den itsas korridoreko laguntza jasoko du portu horrek, baina NBEk ez du parte hartuko ekimen horretan.

NBEk azpiegitura hori eraikitzeko lanetan parte hartuko ez badu ere, ez du baztertu laguntza eramango duten itsasontzi horietan NBEren agentzietako laguntza ez garraiatzea.

Israelek laguntzaren sarbidea murriztu du

Bien bitartean, Michael Fakhri Elikadurarako Eskubideari buruzko NBEren errelatore bereziak jakinarazi du Israelek Gazako Zerrendan sartzen uzten duen laguntza kopurua murriztu duela Nazioarteko Justizia Auzitegiak urtarrilaren 26an kontrakoa egiteko eskatu zionetik.

"Israelek giza laguntza ukatzea erabaki zuen ebazpen horren ostean. Alderaketa eginez gero, otsailean Gazan sartu zen laguntza urtarrilean sartu zenaren erdia izan da, eta orduan oraindik ez zen goseteaz hitz egiten", Giza Eskubideen Kontseiluan emandako prentsaurrekoan azaldu duenez.

Auzitegiak agindutakoari muzin egin diola eta, Fakhriren aburuz, nazioarteak armak bahitu edo isun ekonomikoak jarri beharko lizkioke Israeli, NBEko giza eskubideen aditu batzuek duela egun batzuk proposatu bezala.

Open Arms estreinaldian

Open Arms gobernuz kanpoko erakundeak 200 tona janari ditu prest itsasontzi batean, eta litekeena da asteburu honetan bertan abiatzea Gazarantz, eta berak irekitzea AEBk eta Europar Batasunak iragarritako itsas korridorea.

Bertatik jakinarazi dutenez, Open Arms eta World Central Kitchen (Jose Andres sukaldari espainiarrak sortutakoa) gobernuz kanpoko erakundeek hilabeteak daramate laguntza prestatzen, eta Zipreren, Israelen eta Palestinako Aginte Nazionalaren baimena dute.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena