Mundua
GAZA, ERASOPEAN
AGENCIAS | EITB MEDIA
Iturrion arabera, 40 egun iraungo iraungo lituzke su-etenak. 40 bahitu israeldar (umeak, haurrak eta 60 urtetik gorako gizonezkoak) eta 404 preso palestinar aske utziko lituzkete tarte horretan.
Al Nuseirat, Gazan, joan den astean. Argazkia: EFE
Israelek eta Hamas talde islamiarrak su-eten baterako "oinarrizko puntuak" adostu dituztela baieztatu diote EFE berri agentziari iturri palestinarrek eta egipziarrek. Kairon (Egipto) daude elkartuta joan den astetik, eta Qatar, Egipto eta Estatu Batuetako ordezkariak ere ari dira parte hartzen negoziazioetan.
Zabaldutako informazioaren arabera, 40 egun iraungo lituzkeen su-etena legoke adostutako oinarrizko dokumentuan. Tarte horretan, besteak beste, Hamasek iazko urriaren 7tik bahituta dituen 40 israeldar askatuko lituzke (emakumeak, haurrak eta 60 urtetik gorako gizonezkoak), eta Israelek 404 preso palestinar utziko lituzke libre.
Betiere aipatutako iturrien arabera, akordioan legoke, baita ere, Israelgo Armada Gazako Zerrendako hiri nagusietatik erretiratzea, eta horietatik desplazatutako milaka palestinarrei euren eskualdeetara itzultzen uztea. Era berean, oinarrizko puntuen artean egongo litzateke Gazako Zerrendara egunero laguntza humanitarioa daramaten 500 kamioi sartzea.
Ez Hamases ez Israelek ez dute oraindik balizko akordioari buruz ezer jakinarazi.
Bien bitartean, Israelen erasoek ez dute etenik Gazan. Gosetea gerra estrategia bihurtu den honetan, dozenaka zibil hil dituzte azken egunotan Zerrendan izan diren erasotan. Laguntza humanitarioaren zain zeuden edota garraiatzen ari ziren herritarren kontra egiten ari da Israelgo Armada, Palestinako medikuek eta Osasun Ministerioak jakitera eman dutenez.
Gerra hasi zenetik, 30.634 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek, Gazako Osasun Ministerioak gaur zabaldutako oharraren arabera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa