10:02

Mundua

Save the Children

50 milioi adingabe desplazatu zituen gerrak iaz, inoizko kopururik handiena

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Save The Childrenen arabera, Sudan, Somalia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Afganistan, Birmania, Ukraina, Etiopia, Hegoaldeko Sudan, Gazako Zerrenda, Turkia eta Siria izan ziren herrialde kaltetuenak.

  • Gaza

    Gaza. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du 2023an 50 milioitik gora adingabe desplazatu zituela gerrak munduan (guztira, 143 milioi pertsona desplazatu zituen), "inoizko gehien", eta "2010ean halako bi". 

Sudan, Somalia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Afganistan, Birmania, Ukraina, Etiopia, Hegoaldeko Sudan, Gazako Zerrenda, Turkia eta Siria izan ziren herrialde kaltetuenak (azken biak lurrikarengatik). Hain zuzen ere, herrialde horiek bizi izan zituzten iazko hamar krisi gogorrenak.

"73 pertsonatik bat bere etxetik urruti bizi da munduan, halabeharrez desplazatu behar izan delako, dela gatazka baten ondorioz, dela klimarekin lotutako hondamendi batek behartuta. Gainera, Gazan, Sirian eta Kongoko Errepublika demokratikoan urtean behin baino gehiagotan utzi behar izaten dute "bizilekua" askok eta askok, Save The Childreneko zuzendariaren esanetan.

Oinarrizko zerbitzuak galtzen dituztenean, zailtasun ekonomikoekin hazten dira adingabeak, eta delinkuentzia, haurren lana, sexu esplotazioa eta talde armatuetako jarduna areagotu egin dira horien artean.

"Estatistikak ikaragarriak badira ere, nahitaez etxetik alde egin behar duen adingabe bat ez da zenbaki bat soilik. Ziurrenik, sekula bizi behar izan ez zuen indarkeria motaren baten lekuko izan da. Umeek etxea galtzen dutenean, ia dena galtzen dute: osasun zerbitzuak, hezkuntza, elikadura eta segurtasuna", erantsi du aipatu iturriak.

Dena den, Save The Childrenek ohartarazi du desplazamenduen berri ematen denean, ez dela umeen egoera kontuan hartzen, eta horrek zaildu egiten duela haien "beharrak" ezagutzea, eta horrenbestez, "haurrei zuzendutako politikak garatzea".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena