Itxi

Mundua

Gaza, erasopean

Israeli arma-enbargoa ezartzea proposatu dio Borrellek AEBri: "Hitzez harago, ekin egin behar da"

Agentziak | EITB MEDIA

Israelek Gazako hegoaldean egiten dituen operazioak "gehiegizkoak" direla eta milioika palestinarren egoera humanitarioa arriskuan jartzen dutela adierazi du.

  • Josep Borrel, eskuman, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE

    Josep Borrel, eskuman, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE

Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Politikarako goi-ordezkariak astelehen honetan adierazi duenez, Israelek Gazako hegoaldean egiten dituen operazioak "gehiegizkoak" dira eta arriskuan jartzen dute milioika palestinarren egoera humanitarioa. Ildo horretan, AEBk Israeli arma-enbargoa ezartzea jarri du mahai-gainean, Zerrendan hildakoen kopurua jaitsi dadin: "Kezka agertu baino zerbait gehiago egin behar da".

Bruselatik egindako adierazpenetan, Philippe Lazzarini Nazio Batuen Errefuxiatu Palestinarrentzako Agentziako (UNRWA) komisionatu nagusiak parte hartuko duen Lankidetza ministroen bilera batean, diplomazia europarraren buruak arreta jarri du Rafahko egoeran, Israelgo azken operazio militarren agertokian, Zerrendaren hornidurak kolokan jarri eta egoera humanitario larriaren hondamena ekarri baitute.

"Nire galdera da: hitzez gain, zer uste dugu egin behar dugula? EBn uste dugu hildakoen balantzea altuegia dela, ba al dago murrizteko aukerarik? EBk ez du armarik bidaltzen, beste batzuek egiten dute. Eta hildakoen balantzea oso altua dela uste baduzu, agian zerbait egin dezakezu hori jaisteko", ziurtatu du, Washingtonek adierazitako kezkei erreferentzia eginez.

Goi-ordezkariak berretsi du Israelen aurkako presioari eutsi behar zaiola Zerrendaren hegoaldeko operazioak eten ditzan, Egiptorekin ere tentsioa sortzen baitu.

Ildo horretan, ohartarazi du palestinarrak ezin direla Rafah ingurutik atera. "Giltzapetuta daude, ihes egiteko aukerarik gabe bonbardatzen ari dira", adierazi du. "Ebakuatu egingo dituzte, bale, nora? Ilargira? Nora eramango dute jende hori? ", esan du Europako diplomaziaburuak.

Bestalde, Borrellek esan du Europako Batzordeak UNRWAri funtsak mantenduko dizkiola erakundeak ireki duen ikerketak irauten duen bitartean. Gainera, NBEren agentziaren aurkako akusazioak egiaztatzeko frogak aurkezteko eskatu dio Israeli.

Nolanahi ere, Bruselak otsailaren amaierara arte ez dio ordainketarik egin behar agentziari, eta, duela bi aste argitaratutako ohar batean, Batzordeak ziurtatu zuen erabaki bat hartuko zuela UNRWAk abiatutako ikerketaren arabera.