Mundua
Gaza erasopean
EITB Media
Nazioarteko presioak gero eta garbiakoak diren arren, Israelgo lehen ministroak Rafah-n sartuko direla baieztatu du, Gazako Zerrendan indarrez desplazatutako ehunka mila palestinarren azken babeslekuan.
Palestinarrak Rafah-tik ihesi. EFE.
Benjamin Netanyahuk aurrera darrai bere asmoekin. Urriaren 7tik Gazan bahituta dauden 132 israeldarretatik bizirik zenbat ote dauden galdetuta, Israelgo lehen ministroak esan du "nahikoak" direla egiten ari diren ekintzak justifikatzeko.
Netanyahuk ABC telebista kate estatubatuarrari eskainitako elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok, eta elkarrizketa horretan bertan baieztatu duenez, indar militarrak Rafah hirian sartuko dira laster, Gazako Zerrendan indarrez desplazatutako ehunka mila palestinarren azken babeslekuan. "Sartu egingo gara eta Rafahn geratzen diren Hamasen azken batailoi terroristekin amaituko dugu", esan du.
Hamaseko Ezedin al Qasem Brigadak igande honetan ziurtatu duenez, bi bahitu israeldar hil eta beste zortzi larri zauritu dira azken 96 orduetan, Israelgo Armadak Gazako Zerrendaren aurka egindako erasoen ondorioz. Gaineratu duenez, zaurituen egoera "gero eta kritikoagoa da, tratamendu egokia emateko ezintasuna dela eta".
Israelek emandako azken datuen arabera, 132 bahitu geratzen dira Gazako zerrendan, eta uste da horietatik 28 inguru hilda egongo liratekeela.
Erasoaldia Rafah-n eta ebakuazioa
Netanyahuk errefusatu egin zuen hilaren 7an Hamasek egindako su-eten proposamena, eta Gaza "erabateko garaipena" beste xederik ez zuela azpimarratu zuen.
Ondoren, hegoaldeko Rafah hiriaren aurkako lurreko erasoaldi bat iragarri zuen. 1,4 milioi palestinar bizi dira uneotan han, hara bultzatu baititu Israelek azken hilabeteetan, zerrendaren iparraldean hasi eta hegoalderantz zerrenda osoa garbituz joan den erasoaldiaren ondorioz.
Netanyahuk adierazi duenez Rafahko populazio zibilak eremua "utzi" beharko du, nazioarteko gobernuek eta GKEek ohartarazi duten arren, palestinarrek jada ez dutela nora joan eta populazioaren edozein mugimendu, noraezeranzko behartutako desplazamendua litzatekeela.
Benjamin Netanyahu ABC katearen elkarrizketan.
Netanyahuk bere asmoak berretsi ditu eta argudiatu du Rafah-n dauden 1,3 milioi pertsonak iparraldera joan ahalko direla erasoa hasten denean. "Eremu garbi asko daude Rafah-tik iparraldera, asko. Baina, hori egiteko plan bat xehetzen ari gara", gaineratu du.
Ildo horretan, Hamasek ohartarazi zuen larunbatean Israelek Rafah-n lurreko erasoaldi militar bat egiteak "hondamendia eta sarraski globala" eragingo zuela eta, hortxe amaituko liratekeela bahituak presoengatik aldatzeko negoziazioak.
Nazioarteko presioa
Nazio Batuen arabera, Gazako biztanleen erdiak Rafah-n eta inguruko eremuetan daude pilatuta. Halaber, inguru hori da Gazara laguntza humanitarioa sartzeko gune nagusia, eta, horregatik, hainbat erakundek ohartarazi dute erasoaldi batek eragin humanitario larria izango lukeela eremu horretan.
Joan den larunbatean, besteak beste, Espainiak, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Kanadak, Europar Batasunak eta GKE globalek ohartarazi zuten Israelgo Armada hirian sartuz gero tragedia katastrofikoa gerta daitekeela. Bestetik, Saudi Arabiak, Libanok edo Jordaniak Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera eskatu dute. Ebrahim Raisi Irango presidenteak, bere aldetik, Israel Nazio Batuen Erakundetik kanporatzeko deia egin du.
Etxe Zuriak jakitera eman duenez, Joe Biden AEBko presidenteak Netantahurekin hitz egin du igande honetan eta Bidenek esan omen dio Israelek ez lukeela operazio militarrik egin behar Rafah-n, "hiri horretan errefuxiatuta dauden milioi bat desplazatu baino gehiagoren segurtasuna bermatzeko planik gabe".
Era berean, Linda Thomas-Greenfield AEBk NBEn duen enbaxadorea ere Israelek Rafah-n erasoaldi militarra egitearen aurka agertu da. "Erabat argi utzi dugu, Rafah-n gauzak dauden bezala, oraintxe bertan ezinezkoa dela han operazio militar bat egitea, konpontzen saiatzen ari garen larrialdia areagotu besterik ez bailuke egingo", adierazi du NPR Estatu Batuetako irrati publikoan.
Gazako Osasun Ministerioak igande honetan egindako azken balantzearen arabera, gutxienez 112 palestinar hil dira azken 24 orduetan eta beste 173 zauritu Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako erasoetan. Biktima kopuru berri horrekin, Israelek urriaren 7ko erasoen ondoren Gazako Zerrendaren aurka abiatutako erasoaldi militarraren ondorioz hildakoak 28.176 dira jada, eta 67.784 zaurituak. Hamasen erasoek 1.200 hildako eta 240 bahitu inguru utzi zituzten Israelen, Israelgo agintariek argitaratutako balantzeen arabera. Bestalde, urriaren 7tik 375 palestinar baino gehiago hil dira Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean, segurtasun indarren operazioen eta kolonoen erasoen ondorioz.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa