20:50

Mundua

GAZA, ERASOPEAN

Frantziak eta Japoniak ere laguntza eten diote UNRWAri, eta arabiar herriek "zigor kolektiboa" salatu dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Mahmud Abbas Palestinako presidenteak salatu duenez, UNRWAren aurkako kanpainak errefuxiatuen auzia "deuseztatzea" du helburu. Guterres NBEko idazkari nagusiak ikerketa gardena eta delituak argitzeko laguntza agindu ditu, baina langile guztiak ez zigortzeko eskatu du.

  • Emakume bat Gazan, UNRWAren laguntza zaku batzuen aurrean. Argazkia: EFE

    Emakume bat Gazan, UNRWAren laguntza zaku batzuen aurrean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Larunbatean, UNRWAri finantzazioa etetea erabaki zuten bederatzi herrialdek, eta Frantziak erabaki bera hartu du igande goizean, behin-behinean. Frantziako Gobernuak iragarri duenez, ez du aurreikusten Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziari (UNWRA) diru funtsik ematea 2024ko lehen seihilekoan, baina "gardentasun eta segurtasun eskakizun guztiak betetzen badira", ekarpenei berrekingo diela gaineratu du. Ordu batzuk geroago, erabaki bera hartu du Japoniako Gobernuak.

AEB, Kanada, Australia, Italia, Erresuma Batua, Alemania, Herbehereak, Suitza eta Finlandia dira UNRWAri finantzazioa moztu dioten beste herrialdeak, Israelek dozena bat langilek urriaren 7ko erasoekin zerikusia izan zutela salatu ondoren. Salaketa argitzeko, ikerketa ireki dute, baina emaitza izan aurretik hartu dute herrialde horiek erabakia.

Frantziako Gobernuak 60 milioi euro eman zizkion 2023an UNRWAri.

Norvegiak eta Irlandak, aldiz, iragarri dute Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziari dirulaguntza ematen jarraituko dutela, eta Espainiak ez du oraindik adierazpenik egin.

Jordaniak, Egiptok, Saudi Arabiak eta Turkiak gaitzetsi egin dute UNRWAri ezarritako "zigor kolektiboa", eta finantziazioari eusteko eskatu dute

Jordaniak gogor gaitzetsi du azken orduotan UNRWAren aurka etorri den "zigor kolektiboa", eta gogorarazi du Gazako herritarren biziraupena erakunde horren menpe dagoela. "Gazan goseari aurre egin behar dioten bi milioi palestinar baino gehiagoren salbamendua da UNRWA. Ez litzaioke zigor kolektiborik ezarri behar bere 13.000 langileetatik 12ren aurkako salaketengatik", adierazi du Ayman Safadi Jordaniako Atzerri ministroak X sare sozialean duen kontuan. Horregatik, funtsak eten dituzten herrialdeei erabakia atzera botatzeko eskatu diete.

Ildo beretik, Egiptok eta Saudi Arabiak UNRWAren lana "ez mugatzeko" eskatu dute, eta Israeli Nazioarteko Justizia Gortearen epaia errespetatzeko eta Gazako Zerrendako operazio militarra amaitzeko eskatu diote. "Berehalako su-eten integrala" eskatu dute Gazan, eta Zerrendako biztanleen aurkako "zigor politika masiboari amaiera emateko". "Harrituta" agertu dira funtsak izoztu dituzten herrialdeek hartutako erabakiarekin, eta argi utzi dute "ikerketaren emaitzen zain" egon behar dela.

Turkiak ere gogor gaitzetsi du funtsak etetea erabaki izana.

Ministros de exteriores de Egipto y Arabia Saudí en el Cairo. Foto: EFE

Egipto eta Saudi Arabiako atzerri ministroak, Kairon. Argazkia: EFE

Abbasek esan du UNRWAren aurkako kanpainak errefuxiatuen auzia "deuseztatu" nahi duela

Mahmud Abbas Palestinako presidenteak salatu duenez, "Israelek bultzatutako kanpainak UNRWAren izen ona birrintzea du helburu, 75 urteko gatazkaren gai nagusietako bat den desplazatuen auzia deuseztatzeko".

Mundu osoan 6 milioi errefuxiatu palestinar daude (batez ere Libanon, Jordanian eta Zisjordania okupatuan eta Gazako Zerrendan), eta horietako asko eta asko UNRWAk 1948tik ematen duen laguntza humanitarioaren menpe daude bizirauteko.

Gazako Zerrenda gerra betean den une honetan, adibidez, UNRWA arduratzen da bertara iristen den laguntza humanitario eskasa banatzeaz. Laguntza horri esker bizi dira han 2 milioi palestinar baino gehiago, ia biztanle guztiak.

Guterresek ikerketa gardena eskatu du, eta delituak, baldin badaude, modu penalean jazarriko direla agindu du

Philippe Lazzarini UNRWAko ordezkariak eta Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak ikerketa gardena eskatu dute erakunde horretako hamabi langilek urriaren 7ko erasoetan parte hartu ote zuten argitzeko. Era berean, UNRWAri finantzaketa eten dioten bederatzi herrialdeei euren jarrera berraztertzeko eskatu diete, errefuxiatuei ematen zaien laguntza kolokan jar baitezakete.

Nazio Batuen Erakundeko Barne Ikuskapenerako Zerbitzuen Bulegoak (NBEren ikerketarako organo gorena) ikerketa ireki du jada. Guterresen arabera, Hamasek urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoetan parte hartu zutelakoan aipatutako hamabi langileetatik bederatzi berehala identifikatu eta kaleratu zituen UNRWAko zuzendaritzak, beste bat hilda dago eta gainerako biak identifikatzeko lanean ari dira.

"Terrorismo-ekintzetan parte hartzen duen NBEko edozein langilek azalpenak eman beharko ditu, baita bide penaletik ere. NBEko Idazkaritza erabat prest dago agintariekin elkarlanean aritzeko eta ezarritako prozeduren arabera prozesatzeko", adierazi du Guterresek ohar ofizial batean.

Guterresek gehitu duenez, "Gazako bi milioi zibil UNRWAren laguntzaren menpe daude egunero bizirauteko, baina gaur egun UNRWAk dituen funtsak ez dira otsailerako beharrak asetzeko nahikoa". Horregatik, etenaldia iragarri duten herrialdeen "zalantzak" ulertzen dituen arren, "egoera arriskutsuenetan UNRWArentzat lan egiten duten milaka gizon eta emakumeak ez dira zigortu behar", esan du.

Escuela de la UNRWA en Rafah, Gaza. Foto: EFE

UNRWAren Rafahko eskola (Gazako Zerrenda). Argazkia: EFE

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena